Berriatuko San Gregorio jaietako kontzertuak aurreratu dituzte
Maiatzaren 9tik 12ra ospatuko dituzte jaietarako egitaraua zehazteko batzarra egingo dute martitzenean [apirilak 9].
Hilabete bat besterik ez da falta Berriatuko San Gregorio jaiek eztanda egiteko. Maiatzaren 9tik 12ra ospatuko dituzte berriatuarrek herriko jai nagusiak. Oraindik egitarau osoa zehaztuta ez badago ere, udalak eta jai batzordeak bai aurreratu dituztela egun horietako kontzertuak. Hain zuzen ere, gainontzeko ekintzak lotzen joateko batzarra egingo dute martitzenean [apirilak 9], 18:30ean, udaletxean
Beste urte batez goi mailako musika taldeak erakarri dituzte Berriatuara, estilo desberdinetakoak dira adin guztietako herritarrak gozatu ahal izateko modukoak. Hain zuzen ere, San Gregorioak zerbait badira jai herrikoiak direlako. Eguenean [maiatzak 9] 20:00etan emango diote hasiera musika emanaldiei Andoni Ollokiegi kontzertuagaz. Bere lehendabiziko diskoa kaleratu du aurten musikari pasaitarrak: ‘Bekataria’. Bekatuak oinarri, hamar kantu ditu bildumak. Iaz hirurehun kontzertu baino gehiago eman zituen Euskal Herrian barrena.
Barikuan [maiatzak 10] batez ere rock doinuek hartuko dute Berriatua. 22:30etik aurrera Ezpalak, Leihotikan eta Unidad Alavesa taldeak igoko dira oholtzara. Zapatuan [maiatzak 11] ohi baino arinago hasiko da musika, 19:00etan kalerik kae ariko dira Broken Brother Brass Bandeko kideak. 22:00etan hartuko dute erreleboa Ginger taldeko kideek eta gaua luzatzeko arduradunak Oxabi erromeriakoak izango dira. Domekan [maiatzak 12] ere musika egongo da, 19:00etan Anje Duhalderen txanda izango da.
Era berean, aurreratu dutenez, Gababus zerbitzua egongo da barikuan eta zapatuan Lea-Artibaiko herri guztietatik Berriatuko sangregorioetara joateko.