Antzerkiaren garrari alegoria
Artedrama Euskal Laborategiak esanahi berezia, intentsoa, markararik gabea du Aulestin. Astebetez, udaberriko lurrinak antzerki eskaintza eta tailerrak batzen dituen antzerki usainagaz nahasten dira.
Arrakastatsua. Berezia. Intimoa. Herrikoia. Intentsoa. Alaia. Itxaropentsua. Epela. Hainbat dira aurtengo Artedrama Euskal Laborategia (ADEL) laburtzeko balia daitezkeen adjektiboak. Denak dira egoki. Denak dira zuzen. Zerbait izatekotan, “ahaztezina” izan da urtero Aulesti antzerki soinekoz janzten duen egitasmoaren hemeretzigarren aldia.
Garro bi eduki ditu, ohiko legez, topaketak. Batetik, emanaldiz osaturiko egitaraua; bestetik, antzerki tailer edo eskolak. Lehen esparruren inguruan galdetuta, ADELen antolakuntzan diharduen Ander Lipusek “poztasun handiz” hartu du publikoak beste behin emandako erantzuna. “Bai udal aretoa, bai pilotalekua lepo bete dira. Zapatuan, Errege Koparen finala egonda ere, ikusle pila bat bildu zen frontoian. Aretoari dagokionez, aste bitarteko emanaldi denetan ezin izan da lagun bat bera ere gehiago sartu. Balorazioa zinez positiboa da; asebeteta gaude”.
Ander Lipus: “Obra denek aparteko harrera eduki dute aurten”
Pandemia sasoia atzean utzirik, aretora itzulera izan da nota positiboenetako bat. Dimentsio eta ekoizpen apalagodun obrak eman dituzte bertan, itxura guztietakoak, eta espazio “hurbila, erosoa eta intimoa” sortu dute. Frontoira bideratu dituzte, bestalde, produkziorik potoloenak. “Eremu handiagoa, aukera gehiago eskaintzen dituena eta, batez ere, jendetsuagoa da. ADELek, kantitateari barik, kalitateari ipintzen dio fokua, baina, edozelan ere, asko gustatzen zaigu bertan sortzen den aldartea”.
Obra denek “aparteko harrera” eduki arren, Lipusek bereziki arreta deitu duten zenbait nabarmendu ditu: “Astelehenean, Kepa Errastiren Postdatarik gabeko gutunak obrak ikusleak hunkiarazi zituen; Iduzkilore Antzerki Taldeak eta Maika Etxekoparrek eguaztenean emandako Ihesi-k ere, umorea abiapuntu, erantzun polita eduki zuen. Zapatuan, Jon Gerediagaren obra bat oinarri duen Marmarra lana eduki genuen frontoian, eta oso berezia izan zen: work in progress antzeko bat egitea proposatu ziguten Iñaki Ziarrustak eta Atx Teatroa Bilboko konpainiak, alegia, bukatzear dagoen lan baten zuzeneko entsegu emanaldia. Sei neska oholtza gaienan ikusi genituen, eta eszena guztiz deigarriak planteatu zituzten. Egundoko emanaldiaz gozatu zuten bertaratu zirenek”.
“Aste batez, herritarrek beren etxeetako ateak parez pare zabaldu dizkigute”
Aulesti: herri antzerkizalea.
ADEL bete-betean murgildu da astebetez Aulestiko eguneroko bizimoldean, eta alderantziz. “Aste batez, herritarrek beren etxeetako ateak parez pare zabaldu dizkigute; Aulestin egin dugu aste osoa eta, ohiko modura, esku zabalik hartu gaituzte guztiek. Lea Espazioak, Ubilla aterpetxeak, Ilunzar tabernak, herriko kaleek… guztiek antzerki usaina hartu dute”, azaldu du.
Ekimenaren beste tentakulua, antzerki tailerrak, “arrakastatsu” joan dela argitu du Lipusek. Han-hemendik bertaratutako eta denetariko profildun hamasei ikasle izan dira aurten, emakumezkoen ageriko presentziagaz: gizonezko bi baino ez dira egon. Egunotan ikasleen mezuak jasotzen ari dira antolatzaileak: “Hunkituta idazten digute, egunok intentsitatez bizi dituztela adieraziz”.
Markina-xemeindarra izan da, beste urte batez, antzerki eskoletako irakasleetako bat
Lipus bera izan da irakasleetako bat. Hark ere asteak “intentsotik asko” eduki duela nabarmendu du: “Bertatik bertara lanean aritu gara egunero. Irriak eta negarrak, lan ordu gogor baina ederrak… denetarik izan dugu hala ikasle, nola irakasleok. Ikastaroen formulak ederto funtzionatzen du“.
Hogei urteak, ortzimugan.
Hemeretzigarren aldiaren balorazioa egitea besterik ez zaie geratzen, atseden hartu ostean, hamarkada biko bidea bistaratuko dien ekitaldia prestatzen hasteko. 2025ean, astelehenetik eguenera bitarteko udal aretoko ohiko formatura bueltatzea aurreikusten dute antolatzaileek. “Frontoiko agertokia Europako funts batzuetatik eskuratutako diru laguntzei esker iritsi zen, pandemia garaian. Laguntza horiek, baina, urte bikoak dira, eta, beraz, amaitu zaizkigu. Dena dela, formatu originalak ez du inondik inora xarma gutxiago edukiko, aretoa berriki ekipamenduz hornitu baitute”.
“Goizegi” da etortzeko dena iragartzeko. Halere, printza bat zein beste eman du markina-xemeindarrak: “Ez dugu ezer planteatu, baina, esaterako, Artedramak Miñan lana Aste Santurako bira betean edukiko du; Dejabu Panpin Laborategiak ere urte hasieran estreinaldia egingo du. Beraz, zenbait aukera mahai gainean daude dagoeneko. Ekitaldi oso berezia izatea bilatuko dugu”.