Erkiaga eta Uranga, Zumaian garaile
Zumaiako Masterra irabazi du ispastertarrak Unai Uranga zumaiarragaz bikote osatuta, Eñaut Urreisti eta Mikel Manzisidor mutrikuarrei irabazita: 15-9, 15-11.
Zesta-puntako gaur egungo ikurra da Aritz Erkiaga, eta hori erakutsi du, beste behin ere, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Izan ere, Zumaiako Masterra irabazi du ispastertarrak Unai Uranga zumaiarragaz bikote osatuta, Eñaut Urreisti eta Mikel Manzisidor mutrikuarrei irabazita: 15-9, 15-11. Giro ikusgarria izan zen Zumaiako Aitzurin atzo (apirilak 8). Jendetza egon zen, eta gazte asko ikus zitezkeen bertan. Finalerdietan zein finalean, pilotalekua leporaino bete zen, ligak Gipuzkoan jokatu duen lehenengo txapelketan.
Ligako bosgarren probaren finala jokatu zuten atzo iluntzean, Erkiagarentzako laugarrena, eta lautik lau txapel lortu ditu ispastertarrak. Orain artekoak Minvielle, Ibarluzea eta Manzirekin irabazi ditu –Cesta de Nadau, Winter Series eta Lekeitioko Masterra–, eta, azkena, Zumaiako pilotaria gazteagaz.
Atzoko finalean, Urreistik ezin izan zion sakea kendu Erkiagari, eta aurrelariak erremate asko egin zituen. Begi bistakoa zen zesta-puntako ikur baten eta behetik gora datozen gazteen arteko diferentzia kantxan. Eroso aritu zen ispastertarra, eta igarri egin zen. Gainera, mutrikuarrek zenbait akats egin zituzten, eta Urangak eutsi egin zuen atzean.
Garaipenagaz, Jai Alai Leagueko lehen postua are gehiago egonkortu du Erkiagak, beste 1.000 puntu lortu baititu. 6.080 puntu ditu dagoeneko, eta otsailean erretiratua zen Goikoetxea da bigarrena, 3.880 puntugaz. Johan Sorozabalek du hirugarren postua, 3.690 puntugaz.
Finala hasi aurretik, baina, emakumeen desafioak berotu zuen azken aurrez aurrekoa. Erika Mugartegi markina-xemeindarrak eta Frida Watkins zumaiarrak Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal berriatuarrak izan zituzten parez pare, eta Mugartegi eta Watkins nagusitu ziren, 15-8 eta 15-12ko markagailuagaz.
Mugartegiren nagusitasuna ere begi bistakoa izan zen atzo; Winter Serieseko txapeldunak Lekeition ere irabazi zuen, eta Zumaian ere bai. Seguru jokatu zuen, eta berrituarren akatsak aprobetxatzen jakin zuen. Hala ere, Gogenolak tantu oso onak utzi zituen.
Zumaiako garaipenaren ostean, gaur (otsailak 9), Cesta All Starreko partidua jokatuko du Aritz Erkiagak Jon Zabala Bulletegaz batera. Donibane Lohitzuneko Campos Berri pilotalekuan Olharan eta Basque izango dituzte aurrez aurre, eta horien ostean, Laduchek eta Lekerikak Libois eta Porteten aurka jokatuko dute.
Sei bikotek osatzen dute slam kategoriako torneoa, eta 2.000 puntu egongo dira jokoan.