Bizi eredu berriak
Munduko txoko ezberdinetako emakumeek pandemia garaian izandako bizipenetatik abiatutako borroka jasotzen du 'Erresistentzia Feministak' erakusketak, Etxelilan.
Bizkaia, Bartzelona, Kanaria Uharteak, Tijuana, Oaxaca, Ipar Kaukaso, Rio de Janerio eta Roraima. Denak ala denak ezberdin, denak ala denak batasun batekin: erresistentzia esperientzia kolektiboak.
COVID- 19ak eragindako pandemiaren testuinguruan kokatzen da FeministAlde Bilboko talde feminista, antikapitalista eta internazionalistak osatutako Erresistentzia Feministak erakusketa. Koaderno batetik abiatutako lana da, zehazki, munduko hiri eta landa gune ezberdinetan emandako antolaketak jaso zituzten koaderno batetik. Ostean, jasotakoa irudikatu zuten, eta Etxelilan astearen amaierara bitartean ikusgai dagoen erakusketa da emaitza.
Pandemian herri eta hirietan beharrei erantzuteko sortutako komunitate sareen oinarrira jotzen du erakusketak. “Pandemian ikusi genuen, eta ikusten jarraitzen dugu, emakumeen borrokak eta gu bizi garen eta sostengatzen ditugun komunitateetako bilbeak aktibo daudela. Horren erakusgarri dira beharrei erantzuteko denbora gutxian herri eta hirietan sortutako komunitate sareak. Sare horiek ikuspegi feminista argia dute, bai arrazakeriaren aurkakoa eta giza eskubideen aldekoa ere, eta hori pentsaezina izango litzateke gizarte mugimenduen eta, zehazki, mugimendu feministak egunez egun egindako lanagatik ez balitz”.
FeminstAlde kolektiboak teoria eta praktika feministak ezagutu, iradoki eta partekatu nahi ditu, eta zehazki, “pandemian bizirik irauteko tresna bilakatutako mugimenduak” azaleratu. Horretarako hiri zein landa eremuko erresistentzia kolektiboak ikusarazi dituzte. “Pandemiak sistemaren nondik norakoak ikusteko aukera eman zigun, egitura eraldatzeko eta beste bizimodu batzuk proposatzeko”. Kolektiboen arteko praktiken hausnarketak partekatzea eta eztabaidari ekitea proposatzen dute, “nondik gatozen eta norantz goazen jakiteko”.
Kolektiboen aldarriak. Guerreras indigenas en el front, Parteria y medicinas ancestrales, Perifa connection, Trenzando vida en el Cauca, Elikadura subiranotasuna eta agroekofeminista, Canarias, El paraiso de la Injusticia… Koadernoan batzen diren eta aldarriz josita dauden kolektiboetako batzuk besterik ez dira. “Bakoitzak bere lurraldetik eta bere ezaugarriekin, baina guztiak gizarte eta komunitate antolakuntzaren bide berean, mundu osoan gero eta pertsona gehiago kanporatzen dituen, gizatasuna erabat kentzen duen eta indarkeri erabiltzen duen sistemari uko eginez”.
Pandemia osteko “normaltasunera” bueltatzeari uko egin, eta sortutakoari eutsiz, ikuspuntu internazionalistatik kolektibo feministekiko zubiak eraikitzeko premia ikusi dute, “jasangarria ez den bizi ereduari ahalik eta lasterren” erantzuteko: “Eredu horrek milioika pertsona esplotatzen eta hiltzen ditu planeta osoan, berezi, emakumeak”.