Ondarroak nazioarteko bi muralgile hartuko ditu ekainean
Kamiñazpiko aire libreko museoa handitzeko sortutako egonaldi artistikoa egiteko hautatu dituzte Manolo Mesa eta Cbloxx.
Kamiñazpiko aire libreko museoa handituz doa eta aurten Manolo Mesa eta Cbloxx izango dira erresidentzia artistikoa egin eta museoaren artelan berriak egiteko ardura izango dutenak.
Murales Lian da egonaldiaren jarraipena egiten duena eta artistekin zuzeneko harremana izaten duena, baita deialdia arduraduna ere. Aurten, aukeraketa prozesua hiru sailen artean egin dute; komunikazioko ordezkaria, ordezkari artistikoa eta giza harremanen ordezkaria. Udalak baldintza bakar bat jartzen du deialdietan, sortzaile bien artean bat, gutxienez, emakumea izatea. Iazko deialdian 300 sortzailek izena eman zuten, aurten, ostera, 130 gehitu dira.
Aukeraketa prozesua luzea izan dela aitortu du Murales Lianek eta hainbat ezaugarri lehenetsi nahi izan dituzte, lehenengoa, artisten arteko komunikazioa izan da. “Iazko deialditik ikasi dugun zerbait da hau, artisten artean hizkuntza amankomun bat egotea beharrezkoa dela, beraien arteko harremana eta komunikazioa errazteko asmoz. Gainera proiektua aberasgarriagoa egitea eragingo du”. Horrez gain, herrian barneratzeko gaitasuna duten sortzaileen lanak lehenetsi dituzte eta baita genero ikuspuntua edo sentsibilitate ezberdinak dituzten artistak ere.
Ibilbidea, galdetegiko erantzunak, komunitatean lan egiteko gaitasuna eta obra kontuan hartuta aukeratu dituzte Mesa (Puerto de Santa Maria) eta Cbloxx (Huddersfield). Mesaren lana etxeko eguneroko objektuetan zentratzen da; katiluak, kopak eta bodegoi kontzeptua hartu eta tamaina epikoetara eramaten ditu. “Bigarren planoan dauden gauza pribatuak publiko egiten ditu. Feminismoaren lehenengo olatuak egin zuen aldarria da, pribatua politikoa da”. Bestalde, Cbloxx hogei urteko ibilbidea duen artistea da eta bere sentsibilitatea ezaugarri bereizgarria izan da aukeraketan, bere ibilbideak bermatzen duen kalitatearekin lotuta. “Muralismoaren eskola zaharretik dator eta ikuslearentzako egiten ditu lanak. Eliteetatik urrundu eta aurretik igaroko den ikuslean zentratzen den artista da.”
Ohiko formatuari jarraituz egingo dituzte egonaldiak; hamabost egunez Ondarroan egongo dira herritarrak, txokoak, taldeak, eragileak, historia, kultura zein hizkuntza ezagutzeko asmoz. Informazioaz blai egin ostean, jasotakoan oinarrituta sormen lana burutzeari ekingo diote. Ekainaren 8an ailegatuko dira artistak Ondarroara eta ekainean egingo dituzte lanak aurrerago zehaztuko diren hormetan.