1.300 sinadura bildu dituzte Lekeitioko osasun etxeko hutsuneak salatzeko
Herritar talde batek sinadura bilketak egin ditu sei egunetan. Apirilaren 18an elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, Lekeitioko eskolapean.
Lekeitioko Osakidetza zerbitzuan dauden hutsuneak salatzeko borrokak ez du etenik. Azken hiru asteburuetan herritar talde bat elkartu eta ginekologia zerbitzua, emagina eta pediatra eskatzeko sinadura bilketak egin dituzte.
Guztira 1.300 sinadura inguru bildu dituzte: “Pozik gaude lortu duen erantzunagaz. Urgentzietan ere egun baten baino gehiagotan medikurik gabe egon gara, eta horrek herri guztiari eragiten dio. Ez gara ixilduko”. Hurrengo hitzordua apirilaren 18an ipini dute; elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, eskolapean.
Horrez gain, sinadura bilketarekin jarraituko dute herriko farmazia, eskola eta inguruko herrietan. Gaineratu dutenez, Osakidetzara ere idatzi bat bidaliko dute egoera salatzeko: “Osakidetzaren erantzunik ez badugu jasotzen, arartekora joko dugu. Udalarekin eta anbulategiko langileekin elkarlanean gabiltza denok batera eskaera egiteko. Instituzioen inplikaziorik gabe zaila da aurrera egitea”.
Aurrekariak. Azaldu dutenez, momentu honetan ez dago ginekologia zerbitzurik herrian: “2014ko martxoan hitzarmen bat egin zen Osakidetza, orduko udala eta talde feministarekin. Bertan jasotzen zen gehienez hilabeteko itxaron epean Lekeitioko anbulategian ginekologo batek artatuko gintuela, baina, handik urte batzuetara salatu zen hitzarmen hori ez zela betetzen”. Hainbat aldaketaren ostean, “pandemia garaia aitzakiatzat hartuta” ginekologia zerbitzurik gabe daude Lekeition.
Bestalde, emagina jubilatzear dago, eta orain arte bere bajak ez dituztenez bete, ez daude ziur emagina jubilatzean beste norbait etorriko ote den. “Arriskua ikusten dugu jubilatzen denean inor ez ipintzeko bere ordez. Uste dugu zerbitzu bat galtzen denean berreskuratzea oso gaitza dela”.
Azkenik, pedriata falta salatu dute. Borroka askoren ostean pediatra zerbitzua edukitzea lortu zuten arren, orduko pediatrak amatasun baja hartu zuenean ez zen egon ordezkorik: “Mediku bat egon zen pediatra lanean. Amatasun bajaren ostean lanera itzuli zenean jarduna murriztu zuen, bere eskubidea den moduan”. Hori horrela, 1.021 ume ingururentzat pediatra bakar bat zegoen, jardunaldi erdira: “Berez, arreta egoki baterako pediatra bakoitzak 800-1000 ume ingururen ardura eduki beharko luke”.
Hori horrela, azken pediatra Bilbora lekualdatu zenetik inork ez du Lekeitioko plaza bete: “Inork ez du aukeratu Lekeitioko plaza, kupoaren arazo horrengatik. Lekeition, alde batetik, pediatra bakoitzari dagokiona baino gehiago egin behar dute. Bestalde, ez dute kontutan hartzen herri turistikoa dela, eta edozein oporralditan desplazatu pila bat daudela. Horrek lan karga handitzen du, eta ez dago beste inor laguntzeko”.
Gaineratu dute, arazoa ez dela Lekeitiokoa bakarrik: Aulesti, Mendexa, Amoroto, Isaster, Gizaburuaga, Natxitua, Ea eta Bedarona biztanleak ere Lekeitioko anbulatoriora joaten dira, eta eurak ere zerbitzurik gabe daude. “Presa daukagu, medikurik gabe gaude eta. Sinadura bilketak aurrera jarraituko duen arren, lehenbailen nahi dugu Osakidetzarekin harremanetan ipini”.