Aittitta Makurra, ia 500 urte zutik
Duela ia 500 urteko Lekeitio imajinatu behar da Aittitta Makurraren kondaira irudikatzeko. Ipuinak ipuin diren arren, itsasoak uzten duenean kondairari izena ematen dion haitza ikusi ahal izaten da.
Misterioek eta elezaharrek egiten dute berezi itsasoa. Pertsonaia mitologikoak, ezin sinesteko moduko animaliak… denek dute euren tokia itsasoan. Baina, urazalera atera, eta itsasertzera begiratuz gero ere, hamaika dira bertan gertatu izan diren istorioak.
Hala begiratu zuen itsasertzera Lekeitioko arrantzale umil batek ere. XVI. mendea zen patroi bat balea baten atzetik ibili, eta portuan konorterik gabe gelditu zenean. Arrantzale umilak txalupa etxera eroan zuen patroia, eta medikuari deitu zioten herritarrek. “Medikuak ez zuen lortzen arrantzalea esnatzea, baina saiakera askoren ostean, lortu egin zuela esaten da”.
Une hori da, hain zuzen ere, Lekeitioko elezahar entzutetsuena jaio zen momentua. Batzuek esnatu zela dioten arren, beste batzuek sekula ez zela esnatu diote. “Patroia txalupa etxera eroan zutenean arrantzale umila sartu zen bertara zertan zebiltzan ikustera, eta irteterakoan beste gizon batekin elkartu zen. Gizon hark esan zion berak esandakoa eginez gero, gizona bizi ahal izago zela”.
Hala, berriro barrura sartu, esandakoa egin, eta patroia esnatu egin zela esaten da. Denek zoriondu zuten herriko arrantzale umila, baina, kalean zegoela berriro ere txalupa etxe kanpoan ikusitako gizonarekin gurutzatu zen, eta hala esan zion: “Hemendik aurrera mota guztietako gaixotasunak sendatu beharko dituzu, eta 100 urteak bete arte biziko zara. Baina, 90 urte betetzen dituzunean, egunero-egunero iluntzeetan zure etxeko teilatura begiratu beharko duzu. Teilatuan orma-bedarra deituriko belarra hazi dela ikusten duzunean, hil egingo zara, zure ordua helduko da-eta. Mozorrotuta nagoen arren ni Heriotza naiz, eta zure oroitzapenak betirako iraungo du lekeitiarren memorian, betirako irudi bat utziko duzu eta”.
“Ach mocor” da ezagutzen den lehenengo aipamen fidagarriena, 1744koa.
Hori horrela, toki askotako eta mota guztietako pertsonaien deia jaso zuen arrantzale umilak, eta esaten denez, baita XVI. mendeko erregeetako batena ere. Hala, urteak aurrera zihoazen, eta 90 urteak bete zituen: “Asko kostatzen bazitzaion ere, belarra hazi ote zen begiratzen zuen egunero. Herrian aitita deitzen zioten, bere zahartasun eta sendotasunaren eraginez”.
Udako iluntze batean, arrantzaleak teilatura begiratu eta “orma-bedarra” ikusi zuen: ”Bere emaztearengana joan, eta bere ordua heldu zela esan zion. Etxetik irten, hondartzara joan, eta han ikusi zuen berriro ere gizona, oraingoan Heriotzaz jantzita”. Heriotzak arrantzalea ukitu eta harri bihurtu zuela esaten da: “Eta han dago, hondartzaren erdian, aurrerago Aittitta-Makurra deitzen hasi zitzaion harria. Hala, bere oroitzapena betirako geratu da Lekeitioko herrian”.
Lehenengo aipamenak. Juan Luis de Ajubitak 1966an idatzi zuen herriko emakume baten ahotik jasotako elezaharra, baina, ia 300 urte lehenagokoa da ezagutzen den lehenengo aipamena. Aitor Iturbe lekeitiarrak ere ikertu zuen horren inguruan, eta Francisco Joaquinek bere anaia Ignaciori 1744an bidalitako gutun batean agertzen da Aittitta-Makurraren inguruan ezagutzen den lehen aipamen fidagarriena: “Ach mocor”. Hurrengoa, berriz, 1796an, Iturriza historialariaren ohar batean agertzen dela ikertu zuen Iturbek: “Ach mocordo deitu zion”.
Aittitta Makurraren kondaira kontatzen duen film laburra argitaratu zen 2022an
Urteetan aurrera eginez gero, berriz, Bruneten 1881eko mapan “peña llamada Achica Mocordo” azaldu zen. “XX. mende hasieran Roman Etxebarrietaren oharretan Achica Mocordo irakur daiteke, eta 1920an Euzkadi egunkariko artikulu batean hala agertu zen: ‘Uri onetan dago Ezunza esaten yakon lekuan Aitita Mokordo deitzen yakon arri tontor bat…’”. Era berean, 1932an ere agertu zen Euzkadi egunkariko artikulu bateko toponimoen artean, Attamocordo bezala.
Asko izan dira Aittitta Makurraren inguruan idatzi diren artikulu, albiste eta liburuetako pasarteak, eta 2022an, irudiz ere jaso zuen Traola Produkzioak eta El Burrito Films-ek Aittitta Makurraren kondaira, Lekeitioko Udalaren laguntzagaz.
Azken bistaratzea. 2019an, batzuek diotenaren arabera, 20 bat urtean bistaratu gabe egon ondoren berriro ikusi ahal izan zen. Aittitta Makurra ikusteko azken aukera, berriz, aurtengo otsailean egon da. 2019an ez bezala, aurtengoan, harria ia oso-osorik ikusteko aukera eduki dute lekeitiarrek.
Hala ere, inoiz ezingo da harria osorik ikusi: “Zurrumurruek dioetenez, badaezpadako batzuek punta apurtu zioten Ameriketara eroateko. Gero, antza, kamioi batek jo eta gehiago apurtu zuen haitza”.