Gizarteratzearen bidean pauso bat gehiago
Ondarroako Arrantza Eskolak GazteOn programaren bitartez arrantza sektorera bideratutako formakuntza "guztiz praktikoa" eskaintzen ari da gazte etorkinei.
Gazte etorkinen gizarteratzean pauso bat emateko asmoz Ondarroako Arrantza Eskola Gazte On programaren baitan sartu da, 18-23 urte bitarteko gazteen laneratzea bultzatzeko formazioa eman eta enpresetara bideratzeko ekimenean.
Bittor San Millan Arrantza Eskolako zuzendariak esperientzia berri bat irekitzeko aukerari heldu ziotela azaldu du. “Proiektuaren bidez gazteei laneratzeko aukera eman nahi zaie, beren lana garatzeko beharrezkoa den prestakuntza espezifiko baten bidez, enpresetan praktikak egin ondoren, parte hartzen duten gazteak enpresa horretan bertan sartu ahal izan daitezen lan bitartekaritzaren bidez”.
GazteOn proiektuak laneratzeko formakuntza espezifikoa eskaintzen du, eta orain arte industria sektorera bideratutako formakuntzak eskaini ditu, denak ala denak, Bilbo bueltan. Aurten, ostera, Ondarroara ailegatu da programa eta lehen sektorea sartu da ekimenean. “Industria sektorera bideratutako eskaintza zegoen soilik, eta eskaintza hori zabaldu egin nahi zen, itsasoa sartzea aukera ona izanik”. Arrantza sektorean lan egiteko oinarrizko formakuntza eskaintzen hasi ziren otsailean Ondarroako eskolan, eta gaur gaurkoz, 12 ikasle dituzte. “Oinarrizko formakuntza bat eskaintzen dugu, enpresetan lan egin ahal izateko. Hau da, neurrira egindako ikastaroa da, inguruko errealitatera egokitzen dena”.
Ikasleen artean Marokoko gazte ugari dagoela nabarmendu dute, sektorearenganako duten hurbilekotasuna errealitate bat baita. “Marokoko kostaldeko herrietatik datozen partaide asko zeuden GazteOn programan, arrantzarekin lotura estua zituzten gazteak. Hortaz, gazte horiei sektore ezagun batean lan egiteko aukera eskaintzeko bidea da hau, loturak sortzekoa, eta gure errealitatearekin bat egiteko modu bezala ikusi genuen”.
Itsasoko marinela izateko formakuntza eta makineriako formakuntza oinarrizkoa eskaintzen du programak, baita segurtasuneko oinarrizko ikastaroa, eskorga gidari izateko ikastaroa eta berdintasun ikastaroa ere bai. “Berdintasuneko ikastaroa beharrezkoa da GazteOn programa guztietan, emakumeenganako izan ohi duten ikuspegia oso ezberdina izaten baita, harremanak nola jorratzen diren transmititzeko ikastaroa eskaintzen da”. Ikastaroak 600 orduko iraupena du eta guztiz praktikoa da.
Baina GazteOn ez da prestakuntza edo laneratze proiektu bat soilik, gazteei laguntza sozial eta integrala eskaintzen dion proiektua da. “Alor emozionalean, osasunean, etxebizitzan, ekonomian, arlo juridikoan, administrazioan, harremanetan eta abarretan, haien egunerokoan hobekuntza lortzeko eta beren bizitzarako beharrezkoak diren trebetasunak eta gaitasunak eskuratzeko helburuarekin jarraipen estua egiten zaie programan parte hartzen duten gazteei”.