Organoa zaharberritzeko proiektua aurkezteagaz batera, herriko hainbat talde eta musikari elkartu eta kontzertua eskainiko dute zapatuan [apirilak 13], 20:00etan.
Lekeitiok dituen beste altxorretako bat omen da Andra Mariaren Zeruratzea basilikan dagoen Aristides Cavalle-Coll organoa, baina ez dago egoerarik onenean. Hala azaldu dute Lekeitioko basilikako organoaren lagunak elkarteko kideek: “Elizako parrokoarengatik jakin dugu zelan organoa apur bat gaixorik dagoen, estropeatuta. Hori zaharberritzeko elkarte bat sortu dugu, konpondu ahal izateko”.
Hori horrela, herriko hainbat talde elkartu eta zapatuan [apirilak 13], 20:00etan, kontzertua eman eta organoa zaharberritzeko proiektua aurkeztuko dute: “Herriari gure asmoak azaldu nahi dizkiogu, zelan dagoen organoa, ze organo daukagun… Herriko jende askok ez dakite hemen daukagun altxorra, eta konpondu behar handia dauka, sakon gainera”.
Kontzertua ikusteko
sarrera doan izango da, eta bertan egongo dira Lekitto Musika Banda, Kilin Kala Abesbatza, Koruko Neskak, Asier Uskola dantzaria, Aitor Olea, Gorka Sierra eta Jesus Maria Bollar organistak, Ainhoa Gojenola oboe-jotzaileak eta Mikel Uskola kontratenoreak. “Ahal izan ditugun guztiak elkartu ditugu, baina, hala ere, ez daude denak. Hau hasteko izango denez, espero dugu beste kontzertu asko eman ahal izatea, eta herriko guztiekin kontzertuak ematea”.
Lekeitioko A. Cavalle-Coll organoa. Argazkia: Lekeitioko basilikako organoaren lagunak.
2.000 hodi, konpontzeko. Lekeitioko basilikaren organoaren lagunak elkartekoek azaldu dute ez dela erraza izango konpontzea: “Gutxi gorabehera 600.000 euro inguru behar ditugu organoa konpondu ahal izateko. Kontutan izan behar da proiektua egin ahal izateko organo guztia desmontatu behar dela, eta desmontatu esaten dugunean, ia 2.000 hodi dira. Horiek konpontzailearen tailerrera eroan beharko ditugu, bertan konpondu, ostera ere itzuli, bakoitza bere tokian ipini, afinatu… mila kontu egin behar dira. Prozesu luzea izango da”.
Proiektuarekin hasteko lehenengo pausua herritarrei proiektua aurkeztea izango da, baina martxan daude jada elkarteko kideak: “Orain aurrekontu desberdin batzuk eskatuko ditugu, eta aukeratzen dugunarekin aurrera egiteko dirua lortzen hasiko gara. Apezpikutzari, Bizkaiko Foru Aldundiari, udalari… eskatuko diegu laguntza”. Horiez gain, nahi eta ahal duten denek ere lagundu ahal izango dute; kontu korronte bat zabalduko dute nahi duenak dirua eman dezan. Dirua lortu ezean, ezingo dute proiektua aurrera atera: “Proiektua ez daukagu ziur. Egin nahi dugu, baina ez dakigu ziur ahalko dugun dirua lortu, nork egingo duen, noiz…”.
170 urte Lekeition. Organoa 1853 ingurutik dago Lekeition. Azaldu dutenez, Jose Javier Uribarren lekeitiarrak ekarri zuen herrira: “Uda pasatzera etortzen zen Lekeitiora, eta gauza asko egin zituen herrian. Uribarrenek pentsatu zuen Lekeitioko elizarako momentuko organorik onena nahi zuela, eta momentu horretan Cavaille-Coll etxekoak ziren onenak. Hala, eurekin kontaktuan jarri zen, eta berak ordaindu zuen organoaren erosketa”. Ordutik Andra Mariaren Zeruratzea basilikan dago organoa, eta aurretik errestaurazio lan batzuk egin izan diren arren, orain behar duena bestekorik ez da inoiz egin: “Errestaurazio sakona egin behar zaio oraingoan, eta profesional on bat topatu nahi dugu. Ea denon artean lortzen dugun”.