'Magma mia' umorezko bakarrizketa eskainiko dute Uhagon kulturgunean
"Militantziatik asko, baina umoretik are gehiago duen ikuskizun da eta ikusle potentzial desberdinetan gogoeta eta barreak eragitea du helburu".
Beatriz Egizabalek ‘Magma mia’ umorezko bakarrizketa eskainiko du bihar [apirilak 12], 19:30ean, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Sarrera salgai daude 5 euroren truke, 3 eurotan kulturguneko bazkide diren herritarrentzako. “Haserre nago, sutan nago, irakiten nago. Presio gehiegi eta zulo guztiak itxita mantentzeko hezi naute. Sumendia lehertzear dago… Magma Mia!”. Horrela laburbiltzen du egileak bere obra.
Bakarrizketa feminista bat da: “Militantziatik asko, baina umoretik are gehiago duen ikuskizun da eta ikusle potentzial desberdinetan gogoeta eta barreak eragitea du helburu“. Egizabal ipuin kontalaria, narratzailea, pailazoa eta aktore feminista da. Ipuinak emakumeen ikuspuntutik kontatu ohi ditu, feminismotik, “eguneratzeko beharra dutela iruditzen zaizkion estereotipoak aldatzeko ahaleginetan”. Oihulari Klown taldeko kide izan zen eta 2005 urtetik KontuKantoi taldeko partaide da.