'Negu hurbilak' filma aurkeztuko dute Zabiel kultur etxean
‘Negu Hurbilak’ filma aurkeztuko dute domekan [apirilak 14], 18:00etan Zabiel kultur etxean. Sarrera 3 eurotan daude eta webgunean edo turismo bulegoan daude eskuragarri.
Nortasun irrikari buruzko film bezala definitzen dute filma zuzendariek eta hurrengokoa da sinopsia: «Neska gazte batek ihes egiten du helburu argi batekin: muga zeharkatzea. Bere ihesaren erdian Zubietara (Nafarroa) iristen da. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutaturik, itxuraz harria bezain geldirik dagoen egunerokotasuna ikusten hasi da».
Negu Kolektiboaren lehen fikziozko lana da, eta Mikel Ibargurenek, Ekain Albitek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak zuzendu dute. Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da.
Zubietan (Nafarroa) egin dituzte grabaketa lanak, eta bertako herritarrak ere aritu dira antzezle lanetan. Jone Laspiur aktorea –2021eko Emakumezko aktore berri onenaren Goya sariduna– izan da aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean. 2023ko udan Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendari hasiberrien sailean egin zuten estreinaldia eta kritika oso onak jaso ditu orain arte.