Saji taldeak diru bilketa abiatu du diskoa aurrera eramateko
Maiatzaren 1era arte eman daiteke dirua. Zazpi abestiz osatutako 'Amuak' diskoa argitaratuko dute.
Garai txarrak dira musikarentzat, kulturarentzako garai onak noizbait egon badira. Horregatik, askok babak eltzetik atera behar dituzte. Hori egin du Ispasterko Saji taldeak, Amuak diskoaren kostuak aurrera eramateko crowfunding-a jarri dute martxan. “Zuen lagutzari esker proiektu honi bultzada ezinbestekoa ematen diozue, gure lan berri hau estudio profesional batean grabatzeko aukera eta ezagutzera eramatea da gure nahia”, adierazi dute.
Hain zuzen ere, maiatzaren 1era arte dago aukera nahi duenak, bere diru ekarpena egiteko. Orain arte 4.000 eurotan jarritako helburutik 2.695 lortu dituzte. “Zuen laguntzaz, diskoaren grabaketa, masterizazioa, azalaren diseinua, CD eta kamiseten ekoipena egiteko erabiliko da eta ez bakarrik hau, zuen laguntzaz gure proiektuari bultzada ezinbestekoa emango diozue bai orain, bai hurrengo pausoetan ere, ilusioz eta hobetzen segi dezagun”. Parte hartzaileen ekarpenek sariak izango ditu, eta modu desberdinetan lortzeko aukera izango dute; diskoa, formatu digitalean, baita fisikoan ere, CD formatuan, eta kamisetak ere aterako dituzte.
“Oraindik diseinurik gabe daude diskoaren azala eta kamisetena ere, hori bai, ekarpena egiten duzuenoi erakutsiko zaizue lehendabizi. CD eta kamisetak kanpaina bukatu eta 1-3 hilabetera (ekoizpenak irauten duen arabera) helduko zaizkizue etxera, baina disko digitala primizian jaitsi ahal izango duzue kanpaina bukatutakoan, sare sozialetan agertu baino lehen”. Horrez gain, ekarpenak egiten dituzten denen izenak diskako esker agurretan agertuko direla aurreratu dute.