Angel Txertudi gailendu da Etxebarriko zaldi proban
58 untza eta hiru laurden lortuta gailendu da Angel Txertudi Etxebarriko Kinttopeko Zaldi Proban.
Angel Txertudik irabazi ditu Etxebarriko Kinttopeko Zaldi Probak 58 untza eta hiru laurden lortuta. Domekan, goiz zein arratsaldez, zaldi probek hartu zuten Etxebarria, eta antolatzaileek azaldu dutenez, giro ederra sortu zen egun guztian zehar.
Goizeko txandan, 12:30etakoan, Txibilterrek eta Ibekohondok lehiatu zuten. Lehenengoak, 40 untza lortu zituen, eta bigarrenak, 51. Arratsaldean, 18:00etako txandan, Angel Txertudi, Fermin Santamaria eta Jatetxe Nabarnizen txanda iritsi zen. Fermin Santamariak 28 untza eskuratu zituen, eta nabarniztarrek, 52. Gauzak horrela, Jatetxea Nabarnizek, bigarren postuan, eta Ibekohondok, hirugarrenean, osatu zuten podiuma.
Zaldi guztiek lehiatu zuten Etxebarriko 800 kilotako harriarekin eta 50 kilotako txaparekin. Zaldi bakoitzak 30 minutuko lana egin behar izan zuen, eta gehienez, 400 kilo pisatu zezaketen.
Irabazleak, 800 euro eta manta bat lortu zituen. Bigarren sailkatuak, 700 euro; hirugarrenak, 600; laugarrenak, 550; eta bostgarrenak, 450.
“Oso ondo joan zen. Jende asko etorri zen goizean zein arratsaldean; aipatzekoa da arratsaldean batu zen jendea. Probalariek maila oso ona erakutsi zuten, batez ere irabazleak. Jendea gustura geratu zen ikusitakoarekin”, adierazi du Etxebarriko alkate Jesus Iriondok.