EAJk esan du etorkizuna eraikitzeko "proposamen zehatzak" dituela
EAJko ordezkariek ekitaldi politikoa egin zuten atzo (apirilak 14) Markina-Xemeinen, eta proposamen zehatzekin herritarren beharrei erantzuna emango dietela esan zuten.
Markina-Xemeinen izan ziren atzo (apirilak 14) EAJko ordezkariak, eta etorkizuna eraikitzen badakitela esanez, EAJk hori egiteko duen konpromisoa nabarmendu zuen Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak.
“Domekan (apirilak 21), Euskaldiko etorkizuna guk idaztea eta guk egitea bilatuko dugu. Ez utzi beste batzuei erabakitzen zer egin nahi duzuen, zelan egin eta nogaz egin gura duzuen. Azken hamar urteetan ez da sortu herri hau, lehenago ere bazegoelako, eta hori ona zen. Memoria daukagu, eta ona denak jarraitu egin behar du. Hobetzen? Bai. Nork hobetu behar du? Guk. Zergatik? Zelan egin badakigulako eta nogaz egin badakigulako”, argi esan zuen Atutxak. Bide hori beste alderdi batzuekin akordioak lortuz eta herriaren beharrei erantzuna emanez lortuko dutela adierazi zuen, “elkarlanean, auzolanean, beti egin dugun moduan, konpromisoagaz”.
Aritz Abaroak azpimarratu zuen alderdi jeltzaleak urte luzez erakutsi duela Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa “bide onenetik” eroateko gaitasuna: “Eta gure itsasontzia abante doan heinean, patroirik onena dugu: Imanol Pradales”. Esperientzia eta gaztetasuna dituela esan eta lanerako konpromisoa duen taldea daukala aitortu zuen. “Historiako orriak idazteko proposamen zehatzak ere baditugu, gai gara. Euskadi herriz herri, auzoz auzo, eta pertsonaz pertsona egiten delako. Eta horretan gabiltza, zuekin egoten, zuek entzuten, zuen beharrizanak identifikatzen; gero, hori, gobernu programa bihurtzeko”, gehitu zuen Abaroak.
Proposamen zehatzei tiraka, Idoia Sagastizabalek “urrats horietako bat” azpimarratu zuen, Osakidetza aipatuz: “Lehen mailako arreta hobetu behar da Osakidetzan? Bai, garaiak eta egoerak aldatu direlako. Arazoa ez da bakarrik plaza kopurua, arazoa da ez dagoela profesionalik, eta ezin direla medikuen plazak bete”. Hala, EAJk Espainiako Gobernuagaz lortutako Unibertsitateko Tituluen Homologazioaren Trasnferentzia aitatu zuen: “Atzerriko medikuek hemen lan egiteko prozesuak arintzen lagunduko du horrek; hala, arazoaren zati bat konpontzen. Eta hori da proposamen zehatz bat”.