Lidia Castrok eta Mireia Triasek irabazi dute IV. Lea-Artibai Txallengea
Joan den barikuan [apirilak 12] Lekeition hasi eta atzo [apirilak 14] Markina-Xemeinen amaitu zen hiru etapako itzulia.
Emakumeek hartu dituzte asteburuan Lea-Artibai eskualdeko errepideak. Eta zelan gainera, ikuskizun handia eman dute, eguraldia ere lagun izanda. IV. Lea-Artibai Txallengeak beste urte batez ez du hutsik egin eta beste pauso bat eman du txirrindularien egutegian egonkortzeko.
Arrazoi handi bat barikuko [apirilak 12] Lekeitioko erlojupekoa da. Txirrindulariek gutxitan lehiatzen duten modalitatea da eta kostaldeko parajeek irudi ederrak eskaintzen ditu beti. Kadeteetan Rio Meira-Meruela taldeko Lidia Castrok bere lehen erakustaldia eman zuen erlojuaren aurkako saioan. 4,2 kilometroko ibilbidean garaipena ez ezik, tarte handiak zabaldu zituen hain distantzia txikirako. 6 minutu eta 30 segundo bakarrik behar izan zituen eta Mirari Gotxi eta Ane Zubeldia, 14 eta 15 segundora utzi zituen, hurrenez hurren. Nagusietan tarte txikiagoak izan zen. Iaz gazteenen artean nagusitu zen Paula Ostizek lortu zuen denborarik onena (6 minutu eta 11 segundo). 5 segundo gehiago behar izan zituen Ainara Albertek eta 11 Nahia Imazek.
Castrok barikuan erakutsitako nagusitasuna berretsi zuen zapatuan [apirilak 13] Berriatuko etapan. Jaun eta jabe izan zen eta lasai asko altxa zituen bi eskuak helmugan. 2 minutu eta 15 segundora heldu zen Aitana Gutierrez, 13 txirrindulariko multzoko bizkorrena izanik. Nagusietan ez zen hainbesteko alderik izan, Mireia Triasek alde egitea lortu zuen azken kilometroetan eta errenta kudeatzeko gai izan zen garaipena lortu arte. Bertan sendotu zuen bere txapela Massi Baix Ter Womens etxeko txirrindulariak.
Domekako [apirilak 14] azken etaparako kadeteen sailkapena guztiz erabakita zegoen, ezusteko handirik ez izatekotan. Eta ez zen egon. Hain zuzen ere, Castrok bere erakustaldia borobildu nahi izan zuen: hiru etapa, hiru garaipen, mendiko mailota eta txapela. Ostera ere bi minututik gora atera zizkion bigarrenari eta oro har 4 minutu eta 43 segundo sailkapen orokorreko bigarren sailkatuari, Mirari Gotxi eta segundo bat gehiago hirugarrenari, Ane Zubeldia.
Nagusietan, berriz, estrategiarako tartea zegoen oraindik, Triasen abantaila minutu erdikoa baitzen. Hala ere, txapeldunak oso eutsi zien erasoei bere taldearen laguntzagaz. Ostiz izan zen azkarrena Markina-Xemeingo helmugan Alberdi eta Irati Aranguenen aurretik. Azkenean sailkapen orokorrean 25 segundora geratu da Alice Coutinho eta 38ra Paula Blasi podiuma osatuz.
Errepikatzeko modukoa. Lekeitio, Berriatua eta Markina-Xemeingo txirrindulari elkarteko antolatzaileak “oso pozik” geratu dira asteburuko ikuskizunagaz. “Egun intentsoak dira guretzako, baina dena oso ondo joan da. Eguraldia gainera lagun izan dugu, txirrindularitzan aritzeko bikainak, eta jendeak ere erantzun du”. Antolatzaileen balorazioa oso ona bakarrik ez, adierazi dute txirrindulariak eta taldeak ere “oso eskertuta” agertu direla. “Parte hartzea ikaragarria izan da, haiek ere oso pozik amaitu dute, esker oneko hitzak besterik ez ditugu jaso, eta prest agertu dira hurrengo urteetan errepikatzeko”.