Bederatzi bikotek parte hartuko dute Markina-Xemeingo IV. Helduen Trikiti Txapelketan
Maiatzaren 11n izango da txapelketa; sarrerak salgai daude jada. Maiatzaren 10ean, barikua, 'Aire!' dokumentalaren emanaldia egingo dute; sarrera doan izango da.
Maiatzaren 11 gorriz markatutako data izango da Euskal Herriko trikitilari eta trikitizale askorentzat. Ezinbesteko hitzordua bilakatu da trikitilarientzat Markina-Xemeingo Helduen Trikiti Txapelketa; aurtengoa laugarren aldia izango da antolatzen dutena. Sarrerak jada salgai daude sarean; helduek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta gazteek (0-16 urte bitartekoek), 7 euro. Era berean, Udaletxeko kutxazainean txapelketa baino hamabost egun lehenago jarriko dituzte salgai, eta emanaldia hasi aurretik UNI frontoiko lehiatilan ere salgai egongo dira.
Gainera, txapelketa osatu eta trikitiari “beharrezko indarra” emateko asmoz, maiatzaren 10ean, barikuan, Aire! dokumentalaren emanaldia ere egongo da: “Zer hoberik trikitiaren inguruko asteburuari dokumental baten emanaldia baino. Zinebin saritua izan da Aire!, eta Maurizia Aldaiturriaga pandero jotzailearen bizitzan oinarrituta dago”. Sarrera doan izango da; Esperantza aretoan, 18:30ean, jarri dute hitzordua.
Maiatzaren 11n Baserri Eguna ere izango da, eta bere egitarau propioa edukiko du. Zapatu goizean, beraz, baserri azokak hartuko ditu Markina-Xemeingo kaleak, eta arratsaldean, berriz, trikitilari eta pandero jotzaileak izango dira protagonistak.
17:00etan ekingo diete Helduen IV. Trikiti Txapelketari. Aurtengoan, parte hartzeko beharrezko adina 24 urtetatik 18 urtera jaitsi dute. Bederatzi izango dira parte hartuko duten bikoteak, eta ez, gainera, nolanahikoak: Alaitz Roteta eta Ander Duñabeitia, Irati Arzelus eta Mirari Plazaola, Hegoi Petite eta Mikel J. Elizaran, Ander Blasco eta Jon Ander Azkue, Leire Zumeta eta Amaia Arza (III. Trikiti Txapelketako hirugarren sailkatuak), Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta (III. Trikiti Txapelketako bigarren sailkatuak), Jaume Parra eta Hekthor Folk Mahasti, Enaitz Alberdi eta Elaia Diaz eta Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar (bi aldiz irabazleak).
Goi mailako trikitilariak denak, lehia estuan ariko dira txapela eskuratzeko. Aurtengoan, gainera, guztiek fandango bera jo beharko dute: “Edurne Iturbe trikitilariaren Zaharra baina berria pieza joko dute denek, baina Markina-Xemeingo txapelketarako egindako moldaketekin”. Fandagoaz gain, trikitia, porrusalda eta arin-arina izango dira epaimahaiak puntuatuko dituen piezak.
Hala, maila ezin hobea ziurtatuta edukiko dute ikusleek. Orain arte, bataz beste 900 ikusle egon dira txapelketa bakoitzean, eta aurtengoan ere, hala espero dute: “Ez gara trikiti munduan herri erreferente bat, eta horrelako plaza bat betetzea asko kostatzen da. Hala ere, trikitilari helduentzako erakusleihoak bultzatu nahi ditugu, eurei ere ikusgarritasuna emateko. Trikitia bultzatzeko beste modu bat dela uste dugu”.
Jaia, ziurtatuta. Txapelketaren ostean, gainera, jaiak ez du etenik izango: “Duela lau urte kalejira bat antolatu genuen, eta oso ondo irten zen. Bapateko trikitilari eta pandero jotzaileek parte hartu zuten, eta hori indartu nahi izan dugu”. Horregatik, txapelketa amaitu bezain pronto kalejira egingo dute, parte hartu nahi duen edonorekin: “Bikoteren bat lotuta daukagun arren, nahi duenari trikitia edo panderoa ekartzera animatzen diogu”.
22:30ak arte kalejiran ibili ostean, Laja II.ak eta Lutxurdiok eta Mirarik eta Aintzanek hartuko dute erreleboa, eta erromeria egingo dute Kontzejupean: “Aurreko hiru txapelketatan parte hartu dute bi bikoteek, eta Mirari etxebarritarrak izanik, gure esker ona erakusteko modua izan da hau”.
Sari potoloak. Jokoan dauden sariak, gainera, ez dira nolanahikoak izango: txapeldunek, txapelaz gain, 1.000 euro eta oroigarriak eskuratuko dituzte. Bigarrenek, 700 euro eta oroigarriak; hirugarrenek, 600 euro eta oroigarriak; laugarrenek, 300 euro, eta ondorengoek. 250 euroko dieta.