Lea Artibai ikastetxeak Lai Koloreak ekimena errepikatuko du
Bariku [apirilak 19] goizean jarri dute hitzordua Markina-Xemeingo hezkuntza zentroan eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatu dituzte.
Iazko lehen Lai Koloreaken ostean, Lea Artibai ikastetxeak ekimena errepikatu nahi izan du. Barikuan [apirilak 19] 11:00etatik 13:30era Markina-Xemeingo hezkuntza zentroan askotariko ekintzak egiteko aukera egongo da. Hain zuzen ere, helburua eskualdean dagoen “kultura aniztasuna ikustaraztea eta ezagutzera ematea” da.
Hainbat postu jarriko dituzte bigarren eskuko askotariko gauzak trukatzeko edo hartzeko. Antolatzaileek zehaztu dutenez, ez da salmentarik egingo, dena trukatzeko edo hartzekoa izango da. Horrez gain, herrialde desberdinetako jakiak dastatzeko aukera emango dute eta artisauak ere egongo dira haien eskulanak erakusten. “Musika, janari, dantza, jolas eta beste jarduera batzuen bidez kultura ezberdinen inguruan ikasteko aukera aparta izango da”.
Lea Artibai ikastetxetik herritar guztiak gonbidatu dituzte Lai Koloreak ekimenean parte hartzen “gurekin bizi diren kultura ezberdinekin bat egiteko, elkar ezagutzeko eta eskualdearen kultura-aniztasuna ospatzeko”.