Ortugintzaren alderdi nagusiak aztertuko dituzte Lekeition
Barikuan [apirilak 19] amaitzen da izena emateko epea. Lekitto Bedarrak antolaturiko ikastaroa zapatuan [apirilak 20] da.
Lekitto Bedarrak antolaturiko ikastaroak bueltan dira, oraingoan udalaren eskutik gainera. Azken hilabeteetan askotariko ikastaroak antolatu dituzte: Tomateen sekretuak, konposta, azeri buztana, bankalak, meloi eta sandia edota mahats inausketa, besteak beste. Horietako asko elkarteko kideak eman dituzte, oraingoan, berriz, kanpotik ekarri nahi izan dute hizlaria. “ Aurten berriro nahi dugu kanpoko adituak ekarri eta ortuari buruzko jakintza Lea Artibain zabaltzeko asmoz”, esan dute.
Hain zuzen ere, Gabriatik (Gipuzkoa) ekarriko dute Gabino Murua aditua zapatuan [apirilak 20] 10:00etatik 13:00etara, Azkue ikastolara. Antolatzaileek aurreratu dutenez, ez da Muruak egingo duen saio bakarra, maiatzean jarraipena emango diotelako.
Ikastolan geratuko badira ere, lehen saioa Usotegi parkeko baratzean egingo dutela adierazi dute, betiere eguraldia lagun badute. Ortua sortu nahi duenak zer kontutan izan behar duen azalduko ditu adituak: “Zer motako landarak jarri, noiz, asoziasioak, gaitzak eta tratamenduak, ongarriak, norberen haziak zelan sortu edota egutegiko sekretuen ingurukoan ariko da”. Horrez gain, partaideek zalantzak eta galderak egiteko aukera izango dute.
Ikastaroan parte hartu nahi dutenek barikua [apirilak 19] dute horretarako azken. Mezua bidali behar dute 605 77 54 45 telefono zenbakiko Whattappera. Ekarpen modura, partaide bakoitzak sinbolikoki egunean bertan 5 euro ordaindu behar dituela aurreratu dute. Gainera, aurretik izena ematearen garrantzia azpimarratu dute “antolakuntza egokia prestatzeko”.