Umeek pantailekin duten harremanari buruzko hitzaldia egongo da eguenean Lekeition
Miren Ros gaian adituak emango du hitzaldia. Eguenean [martxoak 18], 18:00etan, Ikusgarri Zinema Aretoan jarri dute hitzordua. Sarrera doan izango da.
Umeek pantailekin duten harremanaren inguruan hausnartzeko asmoz, hitzaldia egongo da eguenean [apirilak 18], 18:00etan, Ikusgarri Zinema Aretoan. Lekeitioko Udalak, Azkue Natura Ikastolak eta Herri Eskolak elkarlanean antolatu dute hitzaldia, “gurasoen kezka nagusietako bati” erantzuna emateko asmoz. Hitzaldiaren ostean zegoen ginekologia eta pediatria zerbitzurik ez dagoela salatzeko elkarretaratzea atzeratu egin dute; hori horrela, apirilaren 25ean, 19:00etan, eskolapean, ipini dute hitzordu berria.
Miren Ros gaian adituak emango du hitzaldia. Helburua gaiaren inguruan hausnartzeko espazio bat sortu eta gurasoei hainbat tresna ematea da: “Pantailen, eta batez ere, mugikorren erabilera handitu egin da umeengan, eta gurasoen artean kezka piztu da. Hitzaldiaren helburuetako bat izango da, guraso modura ditugun ardurei ere erreparatzea, umeak osasuntsuago bizi daitezen; izan ere, umeak hobeto bizitzearen ardura, neurri handi batean, gurasoena da, eta beraz, hori ere landuko da hitzaldian”
Hezkuntza batzordea martxan jarri, eta ikastetxeetatik atera den eskaria izan da: “Hezkuntza batzordetik transmititu izan digutena izan da gurasoen kezka nagusietako bat mugikorarren erabileraren ingurukoa dela: erosi edo ez, noiz erosi, erabilera… Kezka nabaria da”.
Gaineratu dutenez, une horretan inguruko herriak ere gaiari heldu eta lanketa egiten ari ziren, Ondarroan, Markina-Xemeinen edo Azpeitian, kasu. Horri heldu, eta Lekeition ere zerbait egin zitekeela pentsatu zuten: “Ondarroako Altza Buru plataformarekin harremanetan jarri ginen, eta eurek egindako bidea azaldu ziguten. Kezkak antzekoak zirela ikusita, Lekeition ere hitzaldi bat antolatzea pentsatu genuen”.
Hurrengo pausuak. Hitzaldiaz gain, Lekeitioko ikastetxeetako ordezkariek ikusten zuten arazoari aurre egiteko udalarekin sortutako ekimen hau “hitzaldi huts batean” geratzeak ez zeukala zentzurik: “Gaia sakonagoa da. Horregatik LH3tik LH6ra bitarteko ikasleei tailerrak emango dizkiegu maiatzeak, bai Azkue Natura Ikastolan eta baita Herri Eskolan ere. Datorren ikasturteetan goragoko mailetako ikasleekin ere gaia lantzea aurreikusten dugu”.