Artibai ibaira egindako gasolina isurketa salatu du Eguzkik
Astelehenean [apirilak 15] Artibai ibaira egindako gasolina isurketa salatu du Eguzki Talde Ekologistak; Zalduoe futbol zelaiaren alboko aparkalekuaren parean egin zen isurketa.
Isurketaren berri eman zuten Udaltzaingoan, eta isurketen aurkako protokoloa martxan ipini zuten. “Ura Agentziaren aurrean salaketa egin zen, eta beraiek hartu zituzten laginak eta txostena burutu zuten”. Eguzki talde ekologistatik isurketaren iturria identifikatu dutela esan dute, zehazki, ekortzeko makina bat : “Bertatik bertara egiaztatu ahal izan dugu udaleko ekortzeko makina bat dela jatorria, itsasadarrera zuzenean isurtzen duen estolda batetik metro gutxira partzialki desmuntatuta dagoena”.
Taldetik horrelako istripuen aurrean zuhurtziaz jokatzea eskatu dute eta beharrezko neurriak hartzearen garrantzia azpimarratu dute: “Horrelako istripuak gerta daitezkeela kontuan hartuta, behar besteko zuhurtzia izan behar da, eta horiek saihesteko beharrezko neurriak hartu behar dira. Kasu horretan, ibai inguruetatik eta estolderietatik gertu dauden lekuetan makinak ez mantentzea izango litzateke”.