Lekeitioko Herri Udalekuetan izena emateko epea, zabaltzear
Ekainaren 7ra arte eman ahalko da izena; LH1etik LH6ra bitarteko umeek parte hartu ahal izango dute. Aurkezpen herritarra egingo dute apirilaren 25ean.
Herri Eskola, Azkue Ikastola, Eskola Kirola eta Lekeitioko Udala elkartu, eta Herri Udalekuak antolatu dituzte elkarlanean. Uda garaiari begira antolatu dituzte udalekuok, “ume eta gaztetxoenek kulturaz, naturaz eta jarduera desberdinekin gozatzeko”.
Lekeitioko Udala lanean ari da “herritarren bizitzak hobetzeko”, eta Herri Udalekuek ume eta gaztetxoen bizitzak hobetzea dakarrela adierazi dute: “Udalekuetan zaintza aisialdi osasuntsu, dibertigarri eta hezitzailea eskainiko dugu. Balore sortzaile, parte hartzaile, aktibo, anitz eta euskaldunetan oinarrituta”.
Udalekuetan parte hartzeko izen ematea astelehenean [apirilak 15] zabaldu behar zuten arren, arazo tekniko batzuen ondorioz aste honetan zabalduko dute izen ematea; ekainaren 7ra arte apuntatu ahal izango da. Lekeitioko Eskola Kirolaren webgunetik egin beharko da izen ematea; bertan jarriko dute informazio guztia eskuragarri.
Aurkezpen herritarra, berriz, apirilaren 25ean egingo dute: “Herri Udalekuen zehaztasun guztiak emango ditugu apirilaren 25ean, 18:00etan, Azkue aretoan. Bertan, proiektuaren helburuak, programazioa, metodologia, antolakuntza, izen ematea, ordainketak eta bestelako informazioa emango dugu”.
Herri hezitzailea. Udalak adierazi du lehenengo aldia dela Herri Udalekuak antolatzen dituena, eta proiektuarekin “ilusionatuta” daudela: “Herriko umeak, herri mailan, elkarrekin modu hezitzailean eta aisialdiaz gozatzen ikustea ederra da”. Urte guztian Lekeitioko Eskola Kirolak antolatzen dituen ekintzak udara ere luzatu nahi izan dituzte: “Proiektuari jarraipena emango diogu eta aukera eta bizipen berrietara ireki”.
Udalak azaldu du ume eta gaztetxoen aisialdia lehentasuna dela udalarentzat, eta erdigunera ekartzen dabiltzala: “Urtean zehar, auzolanean, ekimen desberdinak antolatzen gabiltza, eta frontoia eta eskolapeko aretoa ireki ditugu hainbat gurasorekin auzolarean, guztiontzako aterpea edukitzeko”.
Txandak. Herri Udalekuetan LH1etik LH6ra bitarteko umeek parte hartu ahal izango dute, eta 10-15 ume inguruko taldeak izango dira. Udalekuak astelehenetik ostiralera izango dira, 10:00etatik 14:00etara. Azaldu dutenez, 09:00etatik 10:00etara zaintza zerbitzua ere eskainiko dute, hala behar duenarentzat.
Aste beteko bost txanda egongo dira, eta astero apuntatu ahalko da. Ekainaren 24an hasiko da lehenengo txanda, eta uztailaren 22an, berriz, azkenengoa.