Lumentza mendia eta Garratxako kobak ezagutzeko ibilaldia egingo dute bihar Lekeition
Bihar [apirilak 18] 18:00etan elkartuko dira, Usotegin. Ander Plaza adituak azalpenak emango ditu ibilaldiko hainbat tokitan.
Lekeitioko eta inguruko altxorrak ikusi eta ezagutzeko gogoa duten denek bihar [apirilak 18] edukiko dute aukera. Izan ere, ibilaldia antolatu du Lekeitioko Denbora Bankuak; 18:00etan, Usotegitik irtengo dira. 1,5 kilometro inguruko ibilaldia egingo dute, bi ordu inguruan. Gaineratu dutenez, ibilbideko toki interesgarrienetan geldialdia egingo dute, eta Ander Plaza adituak hainbat azalpen emango ditu.
Hori horrela, Lumentxa mendiaren eta Garratxako kobaren inguruak ezagutuko dituzte partaideek: “Oso interesgarria izango da, eta hainbat toki ezezagun ikusteko balioko du. Garratxako kobaren sarrera eta bi irteerak, Lumentxako defentsarako gotorlekuak, Sosoagako dolada, zerkak, Dominikar komentuko eliza, Uriarte jauregia…”.
Ibilaldia zaila izango ez den arren, mendiko zapatilak eta bastoiak eroatea gomendatu dute: “Lumentxa mendiari buelta osoa emango diogu, eta hainbat lekutan harri solteak daudenez kontuz ibili behar da”. Era berean, zailtasunak eduki ditzaketen partaideentzako ibilbide alternatiboa antolatu dute: “Erosoagoa denez, Lumentxako ohiko bidea jarraituko dute eta Garratxako kobaren sarreran elkartuko dira bi ibilbideetako partaideak”.
Lekitto Bedarrak ere ibilaldiaren antolaketan lagundu du, eta hasiera eta amaiera Usotegi herritarren ortuan denez, taldearen aurkezpena egin eta proiektuaren parte izateko aukera zabalduko dute.