Inar Eizagirre: "Ikasleon papera dago jokoan, jarrera pasiboarekin amaitu behar dugu"
'Asko dugu jokoan' dinamika berria aurkeztu zuen martxoan Ikamak: "Une honetan hezkuntza sistema mahai joko bat bezalakoa da non ikasleok paper pasibo bat dugun".
Zein da Ikamak bilatzen duen hezkuntza sistema eredua?
Ikamatik euskal hezkuntza publiko, herritar eta burujabe bat bilatzen dugu. Euskal heziketa bat oinarri duena, euskarazko baliabideak dituena eta bertan errotuta dagoena. Herritarra, herritik hasitako ikastetxeetan oinarritutako heziketa duena, ez goitik datozen esanei men egin behar diena. Eta burujabea ikastetxeek aukeratzen dituzten proiektuak aurrera eramaten duena.
Eredu horren bidean dinamika berria proposatu duzue.
Asko dugu jokoan dinamika aurkeztu genuen martxoan, Gasteizen, une honetan hezkuntza sistema mahai joko bat bezalakoa baita non ikasleok paper pasibo bat dugun. Hortik, txikitik handirako jauzia planteatzen da, lokaletik hasita, dinamikarekin bat egiten duten problematikak zentroka identifikatuz eta landuz.
“Hezkuntza sisteman orokorrean kontrol soziala erabiltzen da ikasleak kontrolatuta edukitzeko”
Zer dago jokoan?
Ikasleon hezkuntza prozesuko heziketa maila dago jokoan, ikasleon papera dago jokoan, jarrera pasiboarekin amaitu behar dugu.
Zein da hezkuntza sistemaren egoera eskualde mailan?
Beste leku batzuekin alderatuz egoera hobea dugu eta jakitun gara. Ez baitugu, esaterako, euskararekin arazorik, ezta feminismo arloko arazorik ere, baina pedagogia eredua eta kontrol sozialaren problematika identifikatu ditugu.
“Ikasleen artean saretzea eta problematikaren aurrean kontzientzia sortzea da gure helburua”.
Zein da Ondarroan identifikatutako problematika?
Zubi Zahar Herri Ikastolatik ari gara lanketa egiten eta identifikatu dugun problematika kontrol soziala izan da. Hezkuntza sisteman orokorrean kontrol soziala erabiltzen da ikasleak kontrolatuta edukitzeko; kamerak, aplikazio digitalak, baimenak, irakasleen botere autoritarioa… Gure kasuan ikastetxeak erabiltzen duen Alexia plataforma ipin dugu erdigunean. Guraso eta irakasleen arteko komunikazio bidea da, gure notak gure faltak, atzeratzeak… dena jakinarazteko. Gure hezkuntza prozesuaren jarraipena egiteko baliabide bezala saltzen dute baina txibato papera jokatzen duen baliabidea da.
Zein da problematikaren aurrean proposatzen duzuen bidea?
Ikasleen artean saretzea eta problematikaren aurrean kontzientzia sortzea da gure helburua. Badakigu plataforma hori kentzerik ez dugula lortuko, baina bai ikasleen artean argi uztea problematika hori hor dagoela, identifikatuta edukitzea.
Ikasleen artean problematika identifikatuta dago?
Inkestak egin ditugu galdera honi erantzuna emateko, eta ez, erantzuna ezetza da. Zubi Zahar ikastetxeko ikasleen artean jasotako datuek diote arazoa argia dela: ikasleen %30a kontrolatuta sentitzen da; %47,6ak ez du ondo ikusten gurasoei beraiei baino arinago jakinarazpenak egitea; %70,8ak ez daki zertarako diren plataformaren bidez jasotzen diren datuak; %55,2ak atzerapen, falta eta kaleratzeetan irakasleek ematen duten justifikazioen aurrean beraien ikuspuntua islatzeko aukera izan nahiko luke eta %56, 2a ez dago ados plataformen erabilerarekin.
Datuak nahiko baxuak dira.
Argi dago ikasleok zein iritzi dugun ,baina datuak bajuak dira, bai, horregatik proposatzen dugu kontzientzia sortzeko kanpaina.
Identifikazio fasearen ostean, zein izango da hurrengo urratsa?
Lehenengo fasea identifikazioa izan da baina bigarren fasean, Ikamaren helburua doako hezkuntza publiko bat lortzea izanik, ikasleen baldintza duinak, digitalizazioa eta pedagogia eredua landuko dira. Ikasleen baldintzei dagokionez, zerbitzuen lanketa etorriko da; garraioa, materiala… doakoak izateko lanketa. Digitalizazioari dagokionez, egun bizi garen gizarte teknologikoaren baitan mugitzen ikasteko baliabideak behar ditugu, eta horri helduko diogu. Ostean, pedagogia eredua landuko da, horren baitan selektibitatearen kontrako urteroko kanpaina hartuz.