Lanean jarraitzeko "ilusioagaz" daude Markina-Xemeingo herri hezitzaileak
Astelehenean [apirilak 15] egin zuten hirugarren saioa Markina-Xemeingo herri hezitzaileek. Erronkak zehaztu eta horiek lantzen hasi dira. Aurretik "lan asko" duten arren, ilusiorik ez zaie falta lanean jarraitzeko
Markina-Xemeingo herri hezitzaileek hirugarren saioa egin zuten astelehen [apirilak 15] iluntzean. Iazko azaroan hasi zuten ibilbidea, OinHerri herri hezitzaileen sareko kideen laguntzagaz. Hirugarren saioan ere ez dute hutsik egin herritarrek: “Hezkuntza formaleko ordezkariak, eskoletakoak, kultur eragileak eta hezkuntza ez formaleko ordezkariak egon ziren: aisialdi taldeetakoak, dantza taldeetakoak… “
Hori horrela, aurreko saioan egindakoagaz lanean jarraitu zuten: “Bigarren saioan hainbat lehentasun zehaztu genituen: denon artean Markina-Xemein herri hezitzaile izateko bidean ze erronkek zuten lehentasuna erabaki genuen. Hiru hartu genituen lehentasuntzat: hezkidetza hezkuntza ez formalean, euskara eta kulturartekotasuna, eta haur eta gazteen parte hartzea”.
Hirugarren saioan, hezkidetzari eta haur eta gazteen parte hartzeari heldu zieten. Horretarako, ideia zaparradagaz hasi ziren: “Ostean, erronkak denbora lerroan kokatzen ahalegindu ginen. Lanak geratu zitzaizkigun egiteko, eta beraz, honek aurrera jarraituko du”.
Hurrengo saioak. Azaldu dute hurrengo ikasturteari begira herri hezitzaileen sarea egonkortu nahi dutela, eta horretarako funtzionamendua zehaztu nahi dutela: “Ikusten dugu identifikatu ditugun erronkei aurre egiteko funtzionamendu eredu zehatzagoa behar dugula. Horregatik, hurrengo saioetan erabakiko dugu hurrengo ikasturtean nola antolatuko ditugun saioak”.
Funtzionamendua erabakitzeko duten arren, zalantzarik ez dute herri hezitzaileen foroak aurrera jarraituko duela: “Lan asko geratzen zaizkigu egiteko, eta beraz, honek aurrera jarraituko du. Datorren ikasturterako ere lan asko dago egiteko, baina, era berean, baita lana egiteko ilusioa ere. Hezkuntza foro honi etorkizuna ikusten diogu”.