Erresistentzia jaialdia ospatuko dute bihar Mutrikuko Gaztetxean
Hitzordua bihar [apirilak 20] da 19:00etatik aurrera, Gaztetxean, askotariko ekintzekin.
Erresistentzia jaialdia ospatuko dute zapatuan [apirilak 20], 19:00etatik aurrera, Mutrikuko Gaztetxean. Aurtengo jaialdiaren egitaraua iaz baino laburragoa izango da; iaz bi eguneko jaialdia antolatu zuten, baina oraingoa zapatu iluntzera eta gauera mugatuko da.
Bihar [apirilak 2o] 19:00etan emango diote hasiera jaialdiari, argazki erakusketa irekiko dute eta hori bisitatzeko mojiteoa antolatu dute, hau da, mojitoak eskainiko dizkiete bertaratzen direnei argazkiak ikusten dituzten bitartean edateko. 22:00etan, berriz, Bilboko Txopet taldea igoko da Gaztetxeko oholtzara. Lehendabiziko diskoa kaleratu du taldeak: Nahiz eta jausi. Pop doinuak oinarri hartuta, rocka, post-punka eta autotunea nahasi dituzte zortzi kantatan. Gaua luzatzeko ardura DJ Urgozok hartuko du.
Mutrikuko Gaztetxea Defentsa komunitatearen parte dalako antolatzen dute jaialdia herrian. Jaialdiaren helburua espazio ezberdinek jasan behar izaten dituzten jazarpen ekonomikoei aurre egitea da, Defentsa komunitatearen erresistentzia kutxa hornitzeko. «Azken urteetan areagotu diren utzarazpenak, milaka euroko isunak, identifikazioak, azpiegitura lanak, gastu juridikoak etab. luzeek argi uzten digute eraso guzti honi modu antolatu eta eraginkor batean aurre egiteko beharrizana, zentzu honetan antolatzen gara Defentsa komunitatearen parte garen Euskal Herriko espazio ezberdinak, babesa eta elkartasuna emateko».