Lea-Artibai eta Mutrikuko 23.935 herritar daude botoa ematera deituta
Euskal Autonomia Erkidegoa mapa politiko berri baten aurrean egon daiteke. Datozen lau urteetan Eusko Legebiltzarrak edukiko duen morfologia politikoa erabakiko da domekan [apirilak 21].
Mapa politiko berri baten aurrean egon daitezke Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Urte askoren ostean, ziurgabetasuna da nagusi hauteskunde aurreko egunetan, eta domekako hauteskundeek aldaketa bat ekar dezakete Euskal Autonomia Erkidegora. Herritarrek erabakiko dute autonomia erkidegoak hurrengo lau urteetan hartuko duen norabidea, eta Lea-Artibai eta Mutrikuko 23.935 lagun daude botoa ematera deituta.
Egoera politikoan aldaketa sumatzen den bezala, egoera soziala ere erabat desberdina da 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin alderatuta. Hauteskunde haietan, herritarrek maskara jantzita eta distantziak zainduz eman behar izan zuten botoa. Eskuak gel hidroalkolikoarekin garbitzeaz gain, botoa etxetik prestatuta eramatea gomendatu zuten. Ez hori bakarrik, mahaian identifikatzeko orduan, mahaiko kideek ezin zuten boto-emailearen nortasun agiria eskuekin hartu, eta hauteslekuetako sarbideak ere kontrolatu zituzten. Etziko hauteskundeetan, normaltasun osoz eman ahalko da botoa.
Egoera politikoari dagokionez, alderdi politikoen proposamenak ezer gutxi aldatu dira: alderdi bakoitzak bere ideiei heltzen die. Beraz, zergatik egon daiteke aldaketa? Inkestek adierazten dutenez, jendearen ikuspegia aldatu egin da. Azkenengo gobernuaren politikak ez dira herritar askoren gustukoak izan, eta dirudienez, sozialistek ordainduko dituzte azken legealdiko ondorioak. Hauteskundeen eskutik etortzen da hauteskunde kanpaina. Aurtongoa, ohikoa den bezala, mamitsua izan da. Pradalesek jasotako erasoak eta Otxandianok SER katean emandako adierazpenek izan dute ohiartzun handiena.
Inkestek adierazten dutenez, jendearen ikuspegia aldatu egin da
Politikan sartuz, telebistan lehendakarigai denek egindako eztabaidak eman du zeresan handiena. ETB2n izan zen, gazteleraz noski. Euskarazko katean ere egin zuten aste bat lehenago, baina ez ziren lehendakarigai guztiak egon. VOXek gonbitari uko egin zion, eta Sumarrek eta PPk beste ordezkari batzuk eraman zituzten, lehendakarigaien gaitasun ezaren erruz. Euskara, beste behin ere, bigarren mailan dutela argi utzi zuten.
Denek parte hartu zuten eztabaidari helduz, joera argia erakutsi zuten gaur egunerarte gobernua osatu duten ordezkariek: EH Bilduko lehendakarigai den Pello Otxandianoren aurka egin zuten. EH bildukoak odol hotza erakutsi zuen, eta behin eta berriz errepikatu zuen politika aurrerakoiak martxan jartzeko garaia dela, orain arte PSE-EEk eta EAJk ezarritako politikak alde batera utziz.
Ekonomiari dagokionez, Pradales jeltzaleak langabezia tasa «apala», pobrezia tasa «apala», eta eredu ekonomiko «ona» goraipatu zituen. Eredu hori arriskuan «ezin dela jarri» adierazi zuen. Adierazpen horrekiko desadostasuna erakutsi zuen Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik, egoera ekonomikoa «ondo dagoenik» ez duela uste aipatuz. Proposamenen artean, Sumarreko lehendakarigai Alba Garciarena aipatzekoa da: asteko lanorduak 32 ordutara gutxitzea eskatu zuen. PPren ustez, hiru arazo nagusi daude: deslokalizazioa, atzerriko inbertsio falta eta bertako talentuak ihes egitea.
Denek erakutsi zuten autogobernuarekiko adostasuna, batek izan ezik: VOXek
Osakidetza, eztabaidagai. Jakinaren gainekoa da Osakidetzak ez duela bere osasun egoera onena bizi: medikuak falta dira eta kontsultak kolapsatuta daude. EAJko lehendakarigaiak orain arteko lana defendatu, eta herri akordio baten beharra nabarmendu zuen. Bereziki, De Andres eta Otxandiano agertu ziren kudeaketarekin desados, eta horrela adierazi zioten Pradalesi. Osakidetzarekin lotuta, euskararen gaia izan zen mintzagai. Anduezak, De Andresek eta Martinezek azaldu zuten euskara ez dela haientzako lehentasuna, eta lan eskubidea hizkuntzaren gainetik dagoela.
Autogobernuaz hitz egiteko tartea ere izan zuten. Denek erakutsi zuten autogobernuarekiko adostasuna, batek izan ezik: VOXek. Amaia Martinez VOXekoak esan zuen Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dutela gainontzeko erkidegoekiko berezitasunik merezi. Otxandianok autogobernua zabaltzeko nahia adierazi zuen: 40 urteren ostean aldatzeko garaia iritsi dela deritzo. Pradalesek ere autogobernua handitzeko gogoa agertu zuen, horrela, besteak beste, lan harremanen euskal esparruaz gain, portuak eta aireportuak eta ongizateari eragiten dieten auziak Eusko Legebiltzarrean erabakitzeko gaitasuna lortzeko.
Otxandianok SER irrati katean emandako adierazpenek sortu dute iskanbila gehien
Hauteskundeetan sortu diren polemikei helduz, Otxandianok SER irrati katean emandako adierazpenek sortu dute iskanbila gehien. Aimar Brezos kazetari euskaldunak ETAren inguruan galdetu zionean, lehendakarigaiak ez zuen talde terroristatzat definitu, eta erantzunak berahalako erreakzioak piztu zituen. Egun bi geroago, Telebilbao katean, EH Bilduko lehendakarigaiak damututa dagoela azaldu zuen, eta El Boulevard irrati saioan, ETAren biktimei barkamena eskatzeaz gain, EH Bilduk memoriaren eraiketan «aurrerapausuak» ematen jarraitzeko asmoa duela adierazi zuen.
Hitzarmen posibleak. Hauteskundeen hurrengo egunak edo asteak adostasunetara heltzeko batzarrez beteta egongo dira. Anduezak argi esan du ez duela EH Bildurekin adostuko, eta horiek erantzun dute edonorekin hitzarmen bat sinatzeko prest daudela, betiere «politika aurrerakoiak» ezarriko dituen alderdi batekin izanik. Lehendakarigaiek gaur [apirilak 19] gaueko 23:59ak arte daukate beraien kartak erakusteko denbora. Hortik aurrera, herritarrek erabakiko dute herriaren etorkizuna.