EH Bildu izan da bozkatuena udalerri guztietan
Lea-Artibain eta Mutrikun 2.427 botoko aldea egon da EH Bilduren eta EAJren artean. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Lea-Artibaiko bost udalerritan EAJk EH Bilduk baino boto gehiago lortu zituen.
EH Bilduk 8.535 boto lortu ditu Lea-Artibai eta Mutrikun, eta EAJk, berriz, 6.108. Orain dela lau urteko emaitzekin alderatuta, 996 boto gehiago bildu ditu oraigoan koalizioak, eta alderdi jeltzaleak, ostera, 479 boto gutxiago jaso ditu.
2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ez bezala, EH Bilduk jaso ditu boto gehien Lea-Artibaiko udalerri guztietan; 2020an EAJ izan zen alderdi bozkatuena Berriatuan, Etxebarrian, Ispasterren, Markina-Xemeinen eta Mendexan.
Gaurkoan, Markina-Xemeinen 120 botoko aldeagaz nagusitu da EH Bildu (2020an, EH Bilduk baino 81 boto gehiago eskuratu zituen EAJk).
EH Bilduk EAJk baino 103 boto gehiago lortu ditu Berriatuan, eta Etxebarrian, ostera, hiru botoko alde estua eduki dute. Ispasterren 26 botoko aldea egon da bien artean, eta Mendexan 50ekoa.
Era berean, adierazgarria da Lekeition bi alderdien arteko aldea handitu dela; 774 botoko aldea egon da gaur, eta 2020an 184koa izan zen.
Bestalde, alderdi sozialistak 325 boto bildu ditu Lea-Artibain eta Mutrikun, 212 PPk, 216 Elkarrekin-Podemosek, 210 Sumarrek eta 48 VOXek (horietatik 22 Ondarroan); bost udalerritan egon dira VOXen botoak.
Alde nabarmenik ez badago ere, PSE-EEk eta PPk botoetan gora egin dute, 62 boto gehiago dituzte orain sozialistek eta 51 popularrek. Elkarrekin-Podemosek, ordea, behera egin du; 2020an 474 boto eduki zituen.
Parte hartzean ez da aldaketa nabarmendik egon orain dela lau urteko datuekin alderatuta. Abstentzioari dagokionez, bataz beste %31,40koa izan da, eta pandemia-bete betean, %32,91ekoa izan zen 2020ko uztailean.
27na eserleku. Emaitza orokorrei dagokienez, eta atzerriko botoen zenbaketaren faltan, EAJk irabazi ditu hauteskundeak, eta 370.554 botogaz, eta EH Bildu izan da bigarren indarra, 341.735 botogaz. Biek 27na eserleku lortu dituzte; 2020an baino ia 92.155 boto gehiago eta 6 eserleku gehiago lortu ditu EH Bilduk eta EAJk lau eserleku galdu ditu.
Araban eta Gipuzkoan EH Bildu izan da lehenengo indarra, eta EAJk sendo eutsi dio Bizkaian. 153 udalerritan EH Bildu izan da alderdi bozkatuena, 95 udalerrietan EAJ eta PP izan da bozkatuena Guardian. EAJk 11 eserleku lortu ditu Bizkaian, 9 Gipuzkoan 7 Araban; EH Bilduk 11 Gipuzkoan eta 8na Bizkaian eta Araban.
PSE-EEk 12 dauzka (149.660 boto), launa lortu ditu lurralde bakoitzean (2020an baino bi gehiago) eta PPk 7 (2020an baino bat gehiago), 97.149 botogaz. %62,49koa izan da parte hartzea (% 50,78 izan zen 2020an).
Elkarrekin Podemos Eusko Legebiltzarretik kanpo geratu da; VOXek eta Sumarrek bana eserleku lortu dituzte, eta, beraz, azken hori Eusko Legebiltzarrean sartuko da lehenengoz, 35.092 botogaz. Biek ala biek Araban lortu dute eserlekua. VOXek orain dela lau urte baino 4.000 bat boto gehiago zenbatu ditu gaur, 21.396 boto.