Naiara Fernandez: "Jendeak aldaketarako gogoa eduki du"
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, duela lau urte baino 92.155 boto gehiago eta 6 eserleku gehiago lortu ditu EH Bilduk. Naiara Fernandez ezker subiranistako Bizkaiko hautetsiak esan du EH Bilduk "ondo interpretatu dituela" herritarren beharrizanak, eta EH Bilduren olatua eskualdera ailegatu izana poztekoa dela.
Lehia estua iragarri zuten inkestek, eta hala gertatu da. Aldaketa espero zuten EH Bilduko hautetsiek, eta egon dira, baina ez dira nahikoa izan lehen postua eskuratzeko. Hala ere, sendotuta atera da EH Bildu hauteskundeetatik, indartuta. Emaitza historikoak lortu dituzte, inoizko boto kopururik handiena jaso baitute: 341.735.
Duela lau urte baino 92.155 boto gehiago eta 6 eserleku gehiago lortu ditu EH Bilduk, EAJrekin 27 ordezkarira berdinduz. Garaile izan da Gipuzkoan eta Araban, eta bigarren gelditu da Bizkaian; Gipuzkoan 11 ordezkari lortu ditu (bi gehiago), Bizkaian, zortzi (bi gehiago) eta Araban, beste zortzi (bi gehiago).
Emaitzekin “oso pozik eta ilusioz beteta” daudela dio Naiara Fernandez EH Bilduko Bizkaiko hautetsiak. Herritarren kezkekin “ondo konektatu” dutela esan du, EH Bilduk “ondo interpretatu dituela” horien beharrizanak, eta jendeak aldaketarako gogoagaz erantzun duela: “Jendeak aldaketarako gogoa eduki du, eta pentsatu du gu garela horretarako alternatiba. Animatu egin dira EH Bilduri botoa ematera, eta oso pozik gaude. EAJren besteko ordezkaritza lortu dugu”. Hala, nabarmendu du Eusko Legebiltzarrean indar abertzalea nagusitu dela, eta horri buruzko hausnarketa egin beharko dutela beste alderdi politikoek.
2020ko hauteskundeetan baino 92.155 boto gehiago lortu ditu ezker subiranistak: “Espero zen datuak parekatzea, aldaketarako gogoa egon delako. 40 urte agintean asko dira, eta jendeak aldaketa gura izan du. Ikusi dute EH Bilduk gaur egun politika egiteko erari erreparatu eta herriaren beharrizanak oso ondo identifikatu dituela”.
Busturialdean, Lea-Artibain eta Mutrikun, EH Bildu gailendu da, eta Busturialdean eurek lortutako datuak nabarmendu ditu. “Gure eskualdean ikusi da gehiago izan garela, ze EAJ azken urteetan garaile izan den herrietan nagusitu gara oraingoan”. Mundakako, Ibarrangeluko, Foruko, Elantxobeko eta Mendatako datuak aipatu ditu Fernandezek, izan ere, horietan egon da aldaketa eskualdean. Bermeon ezker subiranista bigarren indarra izan den arren, 300 botora gerturatu izana azpimarratu du bermeotarrak. “Poztu egiten gaitu EH Bilduren olatua eskualdera ailegatu izanak. Beste leku batzuetan maiatzaren 28ko hauteskundeetan nabaritu zen, baina orain, ikusi dugu olatua eskualdera ailegatzen hasi dela; hori oso pozgarria da eskualderako. Gutxika-gutxika ailegatzen dago”, azaldu du.
Fernandezen ustez, gazteengan ere igarri dute aldaketarako nahia: “Gazteek ikusten dute erregenerazio politiko bat behar dela, eta beste politika batzuk egin behar direla. Horrek lanean segitzeko indarra ematen digu”.
Emaitza “oso onak” lortu dituzten arren, EH Bildukoek ez zuten gura EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua lortzea, eta eskuratu dute: “Gehiengoa lortu dute, eta horrek itunak egitea zailduko du. Ez genuen nahi eurek gehiengo absolutu hori lortzea, eta lortu dute”.
Hala, lanean segitzeko asmoa nabarmendu du, arduragaz eta aldaketarako prest. “Guk gure programa daukagu, eta hori aurrera eroaten saiatuko gara”.