Lekeitioko Udala herriko osasun zentroko zuzendariarekin batuko da
Udalak 'Lea-Artibain Osakidetza gaixorik dago' eta Lekeitioko Mugimendu Feministak aurkeztutako mozioak onartu zituzten asteleheneko [apirilak 22] osoko bilkuran. Mozioaren berri eman eta eskariak azaltzeko elkartuko dira osasun zentroko zuzendariarekin.
Lea-Artibain Osakidetza gaixorik dago mozioa aurkeztu zuten joan den astelehenean [apirilak 22] Lekeitioko Udalaren osoko bilkuran, eta EH Bilduren aldeko zazpi botorekin eta EAJ-ren aurkako sei botorekin mozioa onartu du udalak. Hori horrela, udalak datorren martitzenean [apirilak 30] emango du hurrengo pausua: Lekeitioko osasun etxeko zuzendariarekin batzartuko dira. “Herritarren bizitzak hobetzeko lanean gabiltza. Horregatik, osasun zerbitzu duina eta kalitatezkoa behar dugu”.
Lekeitioko osasun zentroko egoera “ez da batere ona”; Mediku falta, oporrak eta bajak ordezkapenik barik, pediatra eta ginekologia zerbitzurik barik, fisioa egunero egotetik astean hirutan egotera pasa da eta emaginaren postua galtzeko arriskuan ikusten dute. Lekeitioko egoera ez ezik, hori da eskualdeko herri askotako egoera, bertara joaten baitira inguruko herri txikietako biztanleak ere. Hori dela eta, hainbat neurri hartzeko eskatu dute mozioan, eta Lekeitio udalbatzari ere hainbat eskari egin dizkiete: mozioagaz bat egitea, mozioaren berri Osasun Sailari ematea, eskualdeko gainontzeko udalekin elkartzea eta Osasun Sailagaz bilera bat egitea neurriak bete daitezen.
Era berean, Lekeitioko Mugimendu Feministak ere mozioa aurkeztu zuen, Galdakao-Usansoloko Ospitalean oinarrizko pediatria zerbitzua eta arrisku baxuko erditzeen artatze zerbitzuaren aldekoa. EH Bilduren aldeko zapzi botorekin eta EAJ-ren abstentzioarekin onartu zuten mozioa. Osasun Sailak Usansoloko ospitalean obrak egingo dituela aprobetxatuz, bi eskari egin dituzte.
Alde batetik, udalari eskatu diote bat egiteko Galdakao-Usansoloko Ospitalean oinarrizko pediatria eta gaur egungo gomendioak betetzen dituzte arrisku baxuko erditzeak artatzeko guneak ezartzeko ekimenarekin. Hala aldarrikatu du Mugimendu Feministak: “Gure herriko emakumeen erditze momentu zaurgarri hori babesteko eta haien erabakiei eta beharrizanei, eta gure herriko umeen larrialdiei eta ospitaleratzeei, gure erreferentziazko ospitalean erantzun ahal izateko egin dugu eskaria”.
Bestalde, Barrualdeko ESIan mozioaren alde dauden gainontzeko udaletxeekin batera Osasun Sailagaz harremanetan jartzeko eskatu diete, “eskaera honen aldeko jarrera izan eta lan egiteko”.