Liburuaren Eguna, "era berezian"
Belaunaldien Irakurketa Kluba. Argazkia: Lekeitioko Udal Liburutegia. Katalunian ohitura omen da apirilaren 23an, Liburuaren Egunean, larrosa bat eta liburu bat oparitzea. Euskal Herrian horrelako oparirik jaso duenik egongo den arren, bestelako ekintzak izan dira protagonista nagusiak. Lekeition “era berezian” ospatu zuten atzoko [apirilak 23] eguna.
Era batera edo bestera, egun guztia pasa zuten liburuen artean, eta ez zuten aspertzeko tarterik eduki. Goizean Lekeitioko Herri Eskolaren ekimenez kalerik kale ibili ziren eskolako umeak, liburu irakurketa egiten. Arratsaldez, berriz, Udal Liburutegian Belaunaldien Irakurketa Kluba egin zuten. Hamar liburuzale baino gehiago elkartu ziren Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea liburuaren inguruan berba egiteko. Azkenik, Azkue Ikastola hainbat idazlerekin solasaldiak egin ditu, eta Udal Liburutegia ikasleentzako aleak lortzen ibili da.