Musikaz girotuta dator Udaberriko Azoka
Domekan [apirilak 28] egingo dute Munitibarko Udaberriko Azokaren hirugarren ekitaldia. Azokagunea 10:00etatik 15:00etara artean egongo da zabalik.
Munitibar jai giroan murgilduko da datorren asteburuan. Domekan [apirilak 28], Udaberriko Azokaren III. aldia egingo dute. Plaza ingurua eta herriko pilotalekua izango dira artisautza, nekazaritza eta tokian tokiko ekoizpena ardatz edukiko dituen azokaren epizentroa. Edozelan ere, aurtengo ekitaldiak berezitasun nabarmena edukiko du: aldarte atsegina egun osora zabaldu asmoz, Bakioko Txerokiak taldeak herriko tabernak eta kaleak girotuko ditu, 13:00etatik aurrera.
Azoka egonkortuta eta finkatuta dago; postu kopurua horren erakusle izango da aurengoan ere. Hain zuzen ere, 29 postu egongo dira azokagunean, beraien produktuak edota zerbitzuak eskaintzen. Horietako asko eta asko eskualdekoak izango dira, Lea-Artibaiko hainba txokotatik bertaratutakoak. Besteak beste, Munitibartik bertatik, Gerrikaiztik, Berriatutik, Markina-Xemeindik, Gizaburuagatik edota Oletatik hurreratutako ekoizleak egongo dira. Inguruko beste zenbait udalerritatik joandakoak ere frontoian egongo dira, besteren artean, Bermeotik, Arratzutik nahiz Ajangiztik joandakoak.
“Aurten, azokan sortutako giro ederra eguerdi eta arratsaldera luzatzeko aitzakia paregabea egongo da”
Azokaren antolakuntza lantaldea “oso pozik” agertu da azokak ekoizleen aldetik bereganaturiko arretagaz eta postu kopuruagaz. Aurtengo, gainera, ekitaldi “oso berezia” izango dela azpimarratu gura izan dute: “Azokagunea 10:00etatik 15:00etara bitartean egongo da zabalik, baina egitaraua zabaldu gura dugu; horretarako, Bakiotik Txerokiak taldea etorriko da, herria kantuz eta dantzan ipintzeko asmoz. Horrenbestez, azokan sortutako giro ederra eguerdi eta arratsaldera luzatzeko aitzakia paregabea egongo da”.
POSTUAK
Aibe. Umeen konplementuak (Axpe-Atxondo).
Anwar. Haziak eta belarrak (Bermeo).
Artea Soinean. Arte abstraktua (Elorrio).
Ateun. Txerrikiak eta pintxoak (Markina-Xemein).
Bakiruketa. Landan hazitako oiloen arrautzak (Gizaburuaga).
Hartara. Eskuz egindako osagarri textilak (Eibar).
Katxalote. Arropa eta osagarriak (Deba).
Kostabi. Barazkiak (Oleta).
Kuttun Art. Belarritakoak eta osagarriak (Sestao).
La gilda del norte. Gildak (Lezama).
Larruz. Ahuntza gazta (Markina-Xemein).
Lauky. Osagarri jasangarriak (Berriatua).
Lioka. Txakurren osagarriak (Durango).
Luhey. Arropak (Irun).
Matxatenekua. Buztin eta polimerozko bitxigintza (Lekeitio).
Morapillo. Eskuz eta mimoz egindako konplementuak (Elorrio).
Rubenaker. Eztia (Ajangiz).
Sarrikola. Ogia eta pastelak (Larrabetzu).
Urdaibai txakolina. Txakolina (Arratzu).
Zugehini. Ume eta gazteen eskuz jositako osagarriak (Elgoibar).
Leargi. Aholkularitza energetikoa (Lea Ibarra).
Aintzane. Bitxiak (Gerrikaitz).
Jesus Belaustegi. Zeramika (Gerrikaitz).
Maite. Belarritakoak (Gerrikaitz).
Naioa josi eta pozik. Josketa produktuak (Munitibar).
Pascual del Rio. Euskal Herriko paisaiak (Munitibar).
Reyes. Panpinak (Munitibar).
Txopitturri. Guraso Elkartea (Munitibar).
Ume dendariak. Denetariko osagarriak (Munitibar).