Bizkaiko Arte Grafikoen sektoreak lau eguneko greba deialdia egin du
Amorotoko Erabil enpresako langileek bat egin dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako datorren asteleheneko eta martitzeneko [apirilak 29 eta 30] eta maiatzaren 22 eta 23ko greba egunekin.
Bizkaiko Arte Grafikoen azken hitzarmena 2011n sinatu zen. Gero, 2013an, sektoreko patronala Bizkaiko langileen lan baldintzak Espainiar Estatuko sektoreko hitzarmenaren bide erregulatzen saiatu zen, baina saiakeran porrot egin zuten. Epai batek onartu zuen Bizkaiko azken hitzarmena “ultra aktiboa” zela.
Geroztik daude sindikatuak eta langileak hitzarmen berri baten bila, eta aurrerapausoak emateko ezintasuna ikusita greba egitea erabaki dute. “Helburua da patronalak blokeo egoera amaitzea da eta sektorearentzat hitzarmen duin bat lortzea”, adierazi dute. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek apirilaren 29 eta 30erako eta maiatzaren 22 eta 23rako greba deialdia egin dute. Amorotoko Cartonajes Erabil enpresako langileek ere bat egin dute deialdiagaz. Hain zuzen ere, grafikagintza sektorearen barruan, inprentak, kopistegiak, serigrafiak, liburu eta prentsa editorialak eta paper eta kartoi manipulazioa egiten duten enpresak daude.
Patronalak “negoziatzeko borondate eza eta planteamendu atzerakoiak” besterik ez duela erakutsi adierazi dute sindikatuek
2023ko ekainean sortu zuten negoziazio mahaia, baina orain arte egin dituzten hamabi bileretan patronalak “negoziatzeko borondate eza eta planteamendu atzerakoiak” besterik ez duela erakutsi adierazi dute sindikatuek. Dagoeneko, apirilean bestelako mobilizazioak egin dituzte, apirilaren 16an, adibidez, patronalaren egoitzaren aurrean elkartu ziren.
Puntu asko. LAB sindikatuak eragileek azken urteetan galdu duten erosteko ahalmenaren inguruan jarri du arreta, besteak beste. Hain zuzen ere, patronaletik proposatu duten %0,5eko igoerak ez duela eros ahalmena bermatzen uste dute. Horrez gain, antzinatasuna izoztea proposatzen dutela diote baita ordu sindikalen kreditua murriztea. Malgutasunean ere arreta jarri nahi izan dute, derrigorrezkoa mantentzen jarraitu nahi duelako patronalak. “100 ordura jaitsi dira, baina lan taldeko ordezkariekin ados jarri gabe izan da. Ez da onartzen sindikatuok negoziazioa desblokeatzeko egin dugun ahalegina, lau plataformen edukiak hamar puntura murriztuz”. Jarrera horrek hitzarmen kolektiboa berritzea “oztopatzen” dutela diote.