Lekeitioko Lagunkoi taldeak auzolana egin du Santa Elena ermitan
Atzo [apirilak 24] osatu zuten auzolana Lekitto Bedarra eta Denbora Bankuko kideen laguntzagaz.
Lekeitioko Lagunkoi taldeak, Lekitto Bedarra eta Denbora Bankuko kideen laguntzagaz, auzolan ekintza egin zuten atzo [apirilak 24] Santa Elena ermitan. Hain zuzen ere, parte hartu zuten hamar kideek askotariko lanak egin dituzte: ermita kanpoko bedar eta zikinkeria kendu dute, ate nagusia garbitu dute, Sosoagako dolada ikusteko eskailera txukundu dute, sarrerako ateak, eskailerak eta alboko hormak margotu dituzte.
Parte hartzaileak “oso pozik” geratu dira lortutako emaitzagaz eta arratsalde “ederra” pasa dutela azpimarratu dute. Maiatzean lanekin jarraituko dutela adierazi dute, udalak igeltserotza lanak amaitzen dituenean. “Inguruak asko irabazi du eta udalak aukera izango du baliabide eder hau herritarren bisitetarako zabaltzeko”. Antolatzaileek nabarmendu dute partaide guztiak Lekitto Bedarraren aseguruagaz babestuta egon direla edozein istripu edo ezbeharren aurrean.