Erkiagaren bosgarrena, Zabalaren lehendabizikoa
Eguenean [apirilak 25] jokatu ziren Donibane Lohizuneko finalak, emakumezkoetan Erika Mugartegik irabazi zuen eta Maialen Aldazabal txapeldunorde. Gaur [apirilak 26] Gasteizko txapeldunak erabakiko dira.
Beste bat. Aritz Erkiagak beste txapel bat jantzi du, Jai Alai Ligako bosgarrena, hau da, orain arteko guztiak: Paueko Cesta de Nadau, Lekeitioko Masterra, Zumaiako Masterra, Gernika-Lumoko Winter Series eta Donibane Lohizuneko All Star. Hau ere berezia izan da, Jon Bullet Zabalaren lehendabizikoa izan delako Jai Alai Ligan, bere lesio larri eta luzearen ostean.
Eguenean [apirilak 25] Ludovic Ladutxe eta Unai Lekerika gainditu zituzten finalean, ez sufritu gabe. Getariarrak eta gernikarrak Erkiaga sahiesteko intentzio argiagaz kantxaratu ziren, baina nahi baino gutxiagotan lortu zuten helburua. Ispastertarra edozein kuadrotik sartzeko gaitasuna du, baita tantoa amaitzeko ere. Markina-Xemeindarrak, bere aldetik, ondo eutsi zituen erasoak eta lehen seta 15-10 irabazi zuten.
Bigarrenean, ordea, Lekerikak agintea hartu zuen atzean eta Ladutxe erasokor aritu zen. Horrez gain, defentsa lan ikaragarria erakutsi zuten eta aurretik joan ziren markagailuan bigarren seteko tanto askotan. Bazekiten bai edo bai irabazi beharrekoa zela. Horrela ospatu zuten, amorru biziz, 12-15 gailendu zirenean. Hirugarren eta azken setean erabakiko zen txapela. Partidak osagai guztiak izan zituen, baita polemika ere. 1-1ekoagaz pilota apurtu zen, Lekerikak besoak altxa zituen eta tantoa eten zen. Erkiaga haserretu egin zen, erabakia epaileek hartu behar zutela iritziz eta pilota tanto osoan apurtuta ere zegoela zioen. Haserreak haserre, ispastertarrak eta markina-xemeindarrak bide laburretik erabaki zuten seta: 5-2.
Emakumezkoetan, Erika Mugartegi markina–xemeindarrak Romanie Mercadiegaz batera ere gogotik sufrituta hartu zituzten mendean Oihana Sorozabal eta Maialen Aldazabal berriatuarra: 10-15, 15-14 y 4-5.
Beste baten bila. Erkiagaren ibilbideak ez du etenik eta barikuan [apirilak 26] Gasteizko Araba Euskaraz Master Serieseko finala jokatuko du Julen Del Riogaz batera Xabi Barandika eta Unai Lekerikaren aurka. Ispastertarraren eta gernikarraren arteko bigarren lehia izango da 24 ordu eskasean. Nesketan, Mugartegik ere errepikatuko du, baina Naroa Merinogaz, Maite Ortiz de Mendibil eta Arai Lejardi markina-xemeindarraren kontra.