Amorotoko bostekoa, Udabirra Fest jaian
Garagardoak, txerriki pintxoak, komiki erakusketa eta pala partiduak. Osagai horiekin bueltatu da Amorotoko Udabirra Fest gaur [apirilak 27].
12:30ak aldera hasi dira zerbezak eta pintxoak eskaintzen, eta horrez gain, Unai Gaztelumendik Hona Bostekoa komikia aurkeztu du. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekagaz, bost komikigileren artean sortu dute 20 bat orrialdeko liburua, eta amorotarrek berau eskuratzeko aukera eduki dute, baita ipini duten erakusketaren bitartez, proiektua bera eta sortzaileak eurak ezagutzeko ere. Gainera, añorgarrak komiki bat ere bertan egin eta oparitu die, oroigarri moduan: Amorotoko bostekoa.
Berastegin eta Leitzan egonaldia eginda ernatu zuen bere partea Gaztelumendik. Orain dela urtebete egon zen bertan, eta Leitzan aurkeztu ondoren, Amorotokoa izan da egin duen bigarren aurkezpena. Aitortu duenez, ideia “oso garbirik” gabe joan zen udalerri horietara, ez zekien oso ondo zer egingo zuen. Gero, haietako bizimodua ikusita bideratu zuen bere lana. “Elkarren ondoko bi herri dira, garai batean harreman handia eduki zutenak. Errepide berriak egitean, Leitzari Iruña gerturatu zioten, eta Berastegiri Tolosa edota Donostia. Ondoko herriak badira ere, elkarren berri asko izango ez balute bezala ikusi ditut”. Elkarri “bizkarra emandako” bi herri bezala ikusita, harreman hori aztertu zuen, zergatik dagoen, zergatik ez dagoen… Hala, komikian harresi fisikoa jarri du bi udalerrien artean. Eta gogoeta orokorragora jauzia egin du: “Hausnartu dut harresi horiek zenbateraino diren egiazkoak, benetan hor dauden, edo zenbateraino diren eraiki dizkigutenak edo inkontzienteki guk asimilatu ditugunak. Komikiak ematen dituen mugen barruan, horren inguruko hausnarketa egin nahi izan dut”.
Bost sortzaile. Gaztelumendik, Eñaut Aiartzaguenak, Aritz Ibarrak, Kote Camachok eta Iñaki Martiarenak egin dute komiki-liburua. Euskaraz sortzea erabaki dutenek laguntza gutxi dauzkatela adierazi du Gaztelumendik: “Guk aukeratu dugu guk egindakotik, sorkuntzatik bizitzea, eta horrek bi aldiz prekarizatzen gaitu, eta, gainera, gure sorkuntza euskara hutsez eginda, hiru aldiz prekario garela esan genezake. Euskaraz sortzea erabaki dugunok bizimodu nahikoa zaila aukeratu dugu, laguntza gutxi daukan bizimodua aukeratu dugu”. Diru sariz baino, laguntzak kopuruz urriak direla dio, eta Udalbiltzaren bekari “oso eskertuta” daude: “Urriak dira, eta euskaraz sortzen dugunok ez dugu aukera askorik izaten. Hor kokatzen da Geuretik Sortuak beka, Udalbiltzako herriekin. Bost komikigileri eman zaigu askotan edukitzen ez dugun aukera bat, baldintza duin-ekonomikoetan lan egiteko aukera. Eta horri erantsi behar zaio egonaldietan zehar bizitzeko behar genuen guztia eman digutela”.
Gainera, bekak sortzaileei euren lanak herriz herri plazaratzeko aukera ematen die: “Gurekin asko gogoratzen ez diren garaiotan horrelako aukera izateagatik oso eskertuta gaude. Horrelako bekek, herritik sortutako, udaletatik sortutako laguntza honek asko laguntzen du. Gure etxean, gure bakardadean egiten duguna kanpora atera eta erakusteko aukera daukagu”.
Herrian sortua. Pandemiaren eraginez izandako etenaldiaren ostean, indartsu bueltatu da Udaberri Fest. Eta esentziari eutsi diote. Izan ere, askotariko garagardoak eskaini badituzte ere, denen artean zerbeza artisaua izan da protagonista nagusia. Dozena bat herritarrek garagardo tailerrean egin zuten, eta Udaberri Festera bertaratutakoek gustura dastatu dute horien ekoizpena.
Pala partiduak. Goizean euskarari eta literaturari tartea egin ostean, kirola eta musika izango dira nagusi arratsaldean. Hain zuzen ere, 32. Amorotoko Pala Txapelketaren finalak jokatuko dituzte, 16:00etatik aurrera.
Bigarren mailako txapeldunak erabakiko dira lehendabizi, Barruk eta Argoitzek Ibonen eta Juaristiren kontra jokatuko dute. 17:30ak aldera hasiko da, ostera, lehenengo mailakoen finala; Jonpu-Epermendi eta Ikedi II-Liher bikoteen artean lehia bizia egotea espero da.
Ondoren, berriz, “pala partidu berezia” jokatuko dute, aurpegi ezagunekin: Txirloi, Imanol Agirre, Mikel Goñi eta Asier Del Horno.
Eguna borobiltzeko, Kittu taldekoen musikak hartuko du Udabirra Fest, 20:45etatik aurrera.