Egun osora luzatuta eta musikaz blai
Iragan domekan [apirilak 28] III.Udaberriko Azoka egin zuten Munitibarren. Inguruko beste zenbait udalerritan (Morgan edota Nabarnizen, kasurako) ere azokak egon baldin baziren ere, inoizko jenderik gehien bertaratu zen Munitibarreko pilotaleku eta plaza ingurura. Hurreratutako ikusleak ez ezik, postu kopuruak ere gora egin du aurten: 29 ekoizle egon ziren azokan. Herritarrak postu denetako produktu nahiz eskaintzekiko interesa agertu dutela azaldu dute antolatzaileek, baina bereziki bi nabarmendu dituzte: osagarriak eta gazta.
Azokagunea goiz osoan zabalik egonda ere, jai aldarte egun guztira zabaltzea izan da antolakuntzak aurtengo aldirako esku artean eduki duen helburua. Hori horrela, Bakioko Txerokiak taldea ekarri dute, eguerditik aurrera herriko kaleak eta tabernak bere musikagaz girotze aldera. Esan eta egin: herritarrek harrera ona egin zioten bakiotarrei, eta udal ordezkariak planteatzen ari dira talde hori “beste ospakizun batzuetara ere” eroatea. Musikaren bultzadagaz eta bertaratutakoen babesagaz, egun osoko jaialdia osatu zuten.