Goenaga, Ostolaza eta Izurrategi, Ziriako Andonegi lehiaketako irabazle
Aipamen berezia egin diote Eire Egaña Odriozola mutrikuarrari.
Barikuan [apirilak 26] Zabiel kultur etxean ospatu zen VII. Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketako sari banaketa. 48 parte hartzaile eduki ditu lehiaketak, horietatik 13 izan dira mutrikuarrak, eta guztira 90 lan jaso dituzte. “Gainontzeko parte hartzaileak Bizkai zein Gipuzkoako herrietakoak izan dira”.
18:30ean Geuretik Sortuak ekimenaren baitako Hamarreko bitxia liburuaren aurkezpena egin zuten Edorta Jimenez eta Maitane Perez idazleek, eta ostean, idazleek burutu zuten sari banaketa.
Gazte Kategoriako 23 parte hartzaileren 42 lanen artean, Ainhoa Ostolaza Enjuto zumaiarraren Artaldeko ardi beltza ipuinak eskuratu du 2oo euroko sari nagusia. Helduen kategorian, ostera, 25 parte hartzaile egon dira eta 48 lan jaso dituzte, horien artean, Aimar Goenaga Agirreabal eibartarraren Bi argazki lanak eskuratu du 500 euroko saria. Mutrikuar onenaren 200 euroko saria, berriz, Izel Izurrategi Padilla mutrikuarrak eraman du.
Aurten, ohiko sariez gain, aipamen berezi bat egitea erabaki du epaimahaiak. Eire Egaña Odriozola 9 urteko mutrikuarraren Ez zaizkit liburuak gustatzen mikroipuina izan da aipamenaren merezidun, “istorioaren originaltasunagatik eta ilustrazioen kalitateagatik”. Egañak liburu bat eta margotzeko materiala eskuratu ditu egindako lanagatik.
Pozik agertu dira antolatzaileak lehiaketak edukitako parte hartzearekin eta sari banaketak edukitako harrera ona nabarmendu dute. “Herritar ugari hurbildu zen sari banaketara eta momentu hunkigarriak ere egon ziren”. Horrez gain, epaimahaiak lanen maila nabarmendu zuen, “aurten ere ale ederrak jaso dira”.