Herri lagunkoia izateko bidean, pauso bat gehiago
Markina-Xemein Lagunkoia taldeak herriko hainbat aspektu aztertu, eta hobetzeko proposamenak aurkeztu ditu udaletxean. Kezkarik handienetarikoa osasun zerbitzuen inguruan nabaritu dute.
Bizkaian 30 herri baino gehiago dira Lagunkoia proiektuan lanean ari direnak, eta horietako bat da Markina-Xemein ere. Bertoko Lagunkoia taldeak bi urte inguruko ibilbidea egin du 2022an hazia erein zutenetik. Ordutik elkarlanean aritu dira Markina-Xemeingo Udala, BFAko ordezkariak eta Bizipoz Elkartea. Nola ez, herritarrak ere proiektuaren parte dira, eta eurak dira, hain zuzen ere motorra.
Hazia erein, eta fruitua ematen hasi da egindako lana: 2023ko urritik abendura herriko zortzi aspektu aztertu, diagnostiko bat landu eta emaitzak atera dituzte. Joan den eguenean [apirilak 18] emaitzen aurkezpen herritarra egin zuten, Lagunkoia taldeko kideek. Eurekin batera egon ziren Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkatea, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza saileko foru diputatua, Maite Zabala eta Amaia Olabarriaga Bizkaiko talde eragilearen ordezkariak eta Eider Etxebarria Bizipoz elkarteko ordezkaria.
Hala, aurkezpenagaz hasteagaz batera alkateak hartu zuen hitza: “Herri lagunkoiago bat, errazago bat eta bizitzeko kalitate hobeagoak dituena egitea da helburua. Udala ardatz ezberdinak lantzen ari da, eta horietako bat da Lagunkoia. Herria umeentzako eta nagusientzako ona bada, denontzako da ona. Hainbat elkarte eta ordezkariren laguntza eduki dugu bidean, baina benetan taldea eroan dutenak eta motorrak herritarrak izan dira”.
Antxustegi Gizarte Ekintza saileko foru diputatuak, berriz, hainbat datu emateko tartea hartu zuen. Azaldu zuenez, gaur egungo Bizkaiko biztanleriaren %23ak 65 urtetik gora ditu: “Gainera, urte batzuk barru Euskadin 3tik 1ek 65 urtetik gora edukiko ditu. Garrantzitsua da eguneroko ekintzetan eta lan ezberdinetan herriko nagusienen ikuspuntua jasotzea”.
Emaitzak. Diagnostikoaren lehenengo fasean galdetegiak zabaldu dituzte herritarren artean, herriko zortzi arlo desberdin lantzeko; guztira 125 erantzun jaso dituzte. Gizarte eta osasun zerbitzuetan nabaritu dute kezkarik handienetarikoa: “Osasun zerbitzuen inguruan kezka da nagusi. Osasun etxea badagoen arren, irisgarritasuna kolokan dago. Horrez gain, pandemiaren ostean zerbitzuaren kalitatea eskastu egin da. Langile falta dago, telefonoz artatzen da… Kezka handia dago herritarren artean”. Bestalde, makomunitatea lanean ari den arren, herritarren artean ez dela oso ezaguna ikusi dute: “Hor gabezia ikusten da. Jendeari informazioa emateko beharra dago”.
Kezka nabaritu dute etxeetan bakarrik bizi direnen artean ere: “Asko aipatu den gaia izan da. Hori dela eta, 80 urtetik gorakoen etxeetan su itzalgailuak jartzeko martxan ari da udala”. Era berean, bakardadea leuntzeko ekintza zehatzak martxan jartzea eskatu dute. Izan ere, bakarrik bizi diren pertsonen kopurua handitu egin da, eta horien artean diogenes kasuak ere atzeman dira.
Etxebizitza, aparkaleku eta bidegorriek kopuruak begi onez ikusi dituzte. Hala ere, hainbat hobekuntza proposatu dituzte.
Aire zabaleko espazio eta eraikinei dagokienez, orokorrean “sentsazio ona” dute, baina, besteren artean, hainbat gunetako mantenimendua, argiztapena eta irisgarritasuna hobetzea eta gune estali gehiago sortzea eskatu dituzte.
Etxebizitza, aparkaleku eta bidegorrien kopuruak begi onez ikusi dituzte. Hala ere, etxebizitzen prezioa ez dela eskuragarria, bariantean abiadura murrizteko ekintzak egitea, Kareaga poligonoan autobus geltokia jartzea, ordutegiak geltoki guztietan jartzea eta eskualdeko bidegorrien artean loturak egitea eskatu dituzte. Horrez gain, hainbat etxebizitzetako irisgarritasuna ere kolokan jarri dute, udalak horretarako laguntzan ematen dituen arren.
Hezkuntza aukera ere “ona” dela ondorioztatu dute, eta herritarren prestakuntza maila handitu egin dela. Elkarteak ere ugariak diren arren, parte hartzea bultzatu nahiko lukete. Horrekin batera, pertsona nagusiak errespetuz tratatzen direla jaso duten arren, belaunaldien arteko harremana “eskasa” dela azaldu dute; ondorioz, belaunaldien arteko harremanak sustatzeko ekintzak eskatu dituzte.
Komunikazioari eta informazioari dagokionez, informazioa kanal desberdinetatik eta ondo heltzen zaiela adierazi dute. Batez ere etxez-etxe bidaltzen dena eskertu dute, baina jasangarria ez denez, etxeko portaletan kartelak jartzea proposatu dute. Udalaren webgunea irisgarriagoa egitea eta herriko informazio guztia bertan agertzea ere eskatu dute.