Herriko euskara berreskuratu eta sustatzeko sortu da Mendexako Euskara Taldea
Euskararen egoera ikusita, herritar talde bat batu da eta ekintzak egingo dituzte; lehenengoa berba eta esaerak biltzea izango da. Bihartik [maiatzak 1] uztailaren 26ra bitartean ekarpenak egiteko aukera egongo da.
Mendexako euskara defendatu, balioetsi eta estimatu nahi duen talde bat sortu da herrian: Mendexako Euskara Taldea. “Mendexarron identitatearen oinarrietako bat euskara da, baina, azken urteotan, gure hizkuntza geroz eta pobreagoa, urriagoa eta erderatik hurbilago dagoela konturatu gara”.
Egoera horren aurreko ardurak eraginda martxoan sortu zen taldea eta ekintzak antolatzen hasiko direla jakitera eman dute, baita lehenengoa zein izango den zehaztu ere: Mendexan erabiltzen diren berbak, esaerak eta bestelakoak batzea izango da. Bilketaren ostean, jasotakoa herrira zabaltzeko.
Ekintza aurrera eramateko bost puntu zehaztu dituzte herrian; Endai, Kabia, Leagi eta Mahaiganeko tabernak eta Goialde txokoa. Puntu horietan kutxa bana ipiniko dute herritarren ekarpenak jasotzeko. “Bertan izango dituzue paperak prest”.
Bihartik [maiatzak 1] uztailaren 26ra bitartean ekarpenak egiteko aukera egongo da, eta parte hartzen duten herritarrek saria izango dute. “Zuen ahalegintxoak saria edukiko du, parte hartzaile guztien artean euskal otzara eder bat zozkatuko dugu. Animatu eta parte hartu, hasiera besterik ez baita izango”.
Ekimenean parte hartzeko deia egin dute, baina baita taldean parte hartzekoa ere. Gaur gaurkoz bost kide ditu taldeak, eta talde irekia izanik, esku zabalik hartuko dute hurbildu nahi duena. “Talde honen helburuak dira; herriko hizkuntz paisaia zaintzea, gure herriko hitz eta esaerak berreskuratzea, eta azken finean euskararen erabilera sustatzea. Ez ezazue ahaztu taldeko parte izan nahi baduzue ateak zabalik izango dituzuela”.