Horma irudi lehiaketa jarri du martxan Markina-Xemeingo Udalak
Lan irabazlea Bekobenta 14ko eraikinean margotuko dute. Maiatzaren 22ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak.
Markina-Xemeingo Udalak Bekobenta 14ko eraikineko horman mural bat egiteko lehiaketa jarri du martxan. Azaldu dutenez, sortzaileen lana sustatzeagaz batera, Markina-Xemeingo garai bateko industria tradizioaren eta jardueraren testigantzak jaso nahi dituzte, eta baita artearen eta herriko ondare material eta inmaterialen testigantzak ere.
Hori horrela, gai zehatza edukiko du lehiaketak: “Azpiko Errota inguruan zeuden errota, bolu eta olen tradizioari ikuspegi zabaletik begiratuta horma irudi edo murala landu beharko da, honako alderdi hauek kontuan izanda: jarduera historian zehar, tradizioa, teknologia, gizartea, genero ikuspegia, elkarlana, etorkizuna…”. Udalak argazki zaharrak jarri ditu parte hartzaileen eskura.
Jakinarazi dute gaia lantzerakoan “ezinbestean” kontuan hartu beharko dela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea. Horrez gain, ez dituzte onartuko irudi sexista, arrazista edo LGTBIfobikoak. Era berean, partaideak adinez nagusiak izan beharko dira; bakoitzak lan bakarra aurkeztu beharko du. Taldean aurkezteko aukera ere badagoen arren, taldekako proposamenaz gain ezingo dute bakarka besterik aurkeztu.
Hala, aurkezten diren proiektuetatik hiru finalista aukeratuko dituzte epaileek, eta finalisten lanekin erakusketa egingo da. Erakusketan Markina-Xemeinen erroldatutako 16 urtetik gorakoen finalistetatik bat aukeratu ahal izango dute; irabazlea epaimahaiaren bozketarekin (%70eko balioa) eta herritarrenarekin (%30eko balioa) erabakiko da. Finalista guztiek 500 euroko ordainsaria eskuratuko dute, eta irabazleak, berriz, 5.000 eurokoa.
Udalaren web orrian jarri dituzte eskuragarri lehiaketari buruzko informazio guztia eta oinarriak.