Markina-Xemeingo katuen populazioa kontrolatzeko neurriak hartu dituzte
Markina-Xemeingo Udalak eta Miauka Elkarteak kasetak jarri dituzte herriko hainbat tokitan.
Markina-Xemeingo Udala eta Miauka Markina elkartea elkarlanean ari dira katuen populazioa kontrolatzeko neurriak hartzen. Hainbat neurriren artean, lehenengo kasetak ere jarri dituzte herriko toki desberdinetan. Azaldu dutenez, kaseta horien jatekoa eta ura dituzte, eta baita bertan geratzeko tokia ere.
Bai udalak eta baita elkarteak ere errespetuz jokatzeko eta tokiak garbi mantentzeko eskatu dute: “Eskatzen da espazio hauek babestea eta bertan jatekorik ez lagatzea, horretarako baimenik eduki ezean”. Katuei jaten eman nahi dietenek edo boluntario lanak egin nahi dituztenek elkartearekin harremanetan jartzeko deia luzatu dute.
Era berean, elkarteak bere helburuak bete ditzan ekonomikoki lagundu nahi duten herritarrek euro baten truke egin dezakete www.teaming.net web orrialdean: “Herriko katuei laguntzen ari garen irabazi asmorik gabeko elkarte bat gara. Bildutako diru guztia elikadurara, dituzten parasitoak kentzera, aterpeak jartzera, urgentzietara eta HEI metodoa (harrapatu, estirilizatu eta itzuli) aplikatzera bideratuko dugu. Edozein gauza, kaleko katuak ahalik eta ondoen bizi daitezen”.