Ander Aldazabal: "Herrian daukagun arazo larri honi alternatiba bat topatzen ahalegindu gara"
Lekeitioko Udalak aparkaleku sistema berria jarriko du martxan udan. Herrian dauden aldeko eta kontrako iritzien aurrean "konfiantza eta lasaitasuna" eskatu dituzte.
Azken aldian zeresana sortu du herrian aparkaleku sistema berriak. Zer esan nahi diezue herritarrei?
Jende askorekin batu gara sistema zelakoa izan behar den erabakitzeko. Hasierako ideiatik amaierakora asko-asko aldatu da aparkaleku sistemaren planteamendua; herritarrek izan ditzaketen beharrizan guztiak mahai gainean ipintzen ahalegindu gara. Arreta ipini dugu, batez ere, herriko merkataritzaren beharrizanak aztertzen. Ulertzen dugu herritarrak arduratuta egotea, aldaketen aurrean horixe da-eta ateratzen zaiguna; konfiantza eta lasaitasuna eskatu nahi ditugu. Ondo aztertutako planteamendua da.
“Hobeto bizitzeko pauso bat gehiago da aparkaleku sistema berria”?
Urtez urte egoera okerrera doa, gero eta auto gehiago datoz Lekeitiora eta ez dago denentzako lekurik. Horrek herritarren bizi-kalitatea asko kaltetzen du, eta uda sasoian lanera joan behar direnentzat bueltan aparkatzea ezinezko bihurtzen da. Egoera hau izanda, bi aukera zeuden: bat, eskuak gurutzatuta geratzea egoera zelan larriagotzen den ikusten dugun bitartean edo bi, egoera hobetzeko neurriak hartzea. Gu horretara etorri gara gobernura, herritarren bizitzak hobetzera. Eta horretarako, herrian daukagun arazo larri honi, alternatiba bat topatzen ahalegindu gara.
Ze ardatz izan dituzue kontuan aparkaleku sistema berria diseinatzerakoan?
Gure gobernuaren helburu nagusiena, herritarren bizi kalitatea hobetzea da; eta horrek, hainbat gauza aldatzea eskatuko du. Aldaketek, beti dakarte bertigoa, baina gauzak aldatu nahi baditugu ausardia ere behar da. Horregatik, hasieratik jakin arren gai honek polemika sortuko zuela, aurrera egitea pentsatu genuen. Guzti honetan espero ez genuena da, polemika horrek hartu duen tonua. Agertu dira mezu eta pintada anonimo batzuk esaten dutenak Lekeitiok diskriminatu egiten duela, Lekeitioko komertzioetan ez kontsumitzeko… Horri buruz pare bat gauza argitu nahi ditugu. Bat, guzti honetan ez dago diskriminaziorik. IBI etxebizitzari lotutako zerga da, eta ez dauka bestelako eskubideekin ezelako loturarik. Bi, herriko komertzioetan ez erosteko deiaren atzean asmo gaiztoa besterik ez dagoela ematen du. Argi esan nahi dugu merkatariek ez dutela zerikusirik izan aparkaleku sistema honetan, horregatik, ez dute zertan inoren haserrea ordaindu. Hiru, sinistuta gaude mezu anonimo horien atzean pertsona gutxi batzuk baino ez daudela. Badakigu, erroldatuta egon ez arren Lekeition bigarren etxea dutenak edo Lekeition jaioak izan, baina gaur egun hemen bizi ez direnetako askok aparkaleku sistema berri hau ipintzea ulertu dutela. Eta ez dutela bat egiten herritarrei errespetua galduta zabaldu diren mezu horiekin.
Ze onura dakartza sistema berriak, eta norentzat?
Onura nagusiak urte osoan Lekeition bizi direnentzat eta Lekeition bizitza egiten dutenentzat dakartza. Pentsatzen dugu zentzuzko mundu batean, lehenengo eta bat, bizi garen herrian duin bizitzeko aukera izan beharko genukeela guztiok. Eta horrek eraman gaitu sistema berri hau diseinatzera, hain zuzen, lekeitiarren bizi-kalitatea hobetzeko asmoak. Egoiliarrentzako aparkatzeko 500 plaza gehiago egongo dira sistema berri honetan. Inguruko herri txikietako herritarrei ere egoiliarren aukera berdinak eman dizkiegu aparkatzeko. Zergatik? Ba, beraien herrietan ez dituzten oinarrizko hainbat zerbitzu Lekeition dituztelako, adibidez, anbulatorioa, erosketak egiteko komertzioak… Urte osoan hemen ibiltzen dira, eta pentsatzen dugu, udan ere, hemen ibiltzeko erraztasunak izatea justuena dela.
“Gure esku dagoen neurrian, egoera hobetzeko planteamendua egin dugu”
Komertzioetan ere arreta berezia jarri duzue.
Duda barik. Momentu oro mahai gainean izan ditugu herriko merkataritzaren beharrizanak. Horregatik, herrian bost eremu gorri ipini dira komertzio inguruetan. Eremu gorrietan 30 minutuz aparkatu ahal izango da; horrek, egunean 496 bezero hortik pasatzeko aukera emango du. Horretaz gain, ordainpeko parkinetan lehenengo hiru orduak doakoak izango dira; edozein pertsonak hiru ordu izango ditu parkina ordaindu barik herrian kontsumitzeko.
Aparkaleku gehiago egiteko aukera alde batera utzi duzue. Zergatik?
Hor marra gorri bat ipini dugu. Kontutan izan behar dugu, Lekeitioko kanpoaldeetan dauden aparkalekuak azken urteetan egindakoak direla eta, jadanik, gainezka egoten direla. Aparkaleku gehiago eginez gero, horiek ere beteko genituzke, gero eta kotxe gehiago ditugulako. Lekeitio azaleraz Bizkaiko bigarren herririk txikiena da. Daukagun lur eremu apurrak bete daitezke aparkalekuekin, baina hori da Lekeitiok behar duena? Hori da gure ondorengoei utzi nahi dieguna, parkinez betetako herria? Erabakia izan da lehen zeuden aparkaleku kopurua mantentzea; ez gehitzea eta ez gutxitzea. Hori bai, argi daukagu, kotxeen erabilera gutxitzeko garraio publikoa ere hobetu egin behar dela. Momentuz, Aldundian autobus zerbitzua hobetzeko egin diegun eskaerei ezetz erantzun die.
Udatiarrei ere eman diezue aukera, fideltasun txartelagaz.
Herrian urtean zehar denbora asko egoten direnentzat erraztasunen bat ematea izan da gure asmoa. Horretarako sortu dugu fideltasun txartelaren aukera. Fideltasun txartela nahi duenak egin dezake; hiru aukera daude: hilekoa (90€), bi hilekoa (150€) eta hiru hilekoa (190€). Eguneko 2-3€ artean ateratzen da. Fideltasun txartela egiteak ez duela ziurtatzen aparkalekua izango duenik inork, baina egoiliarren kasuan ere, inork ez du izango ziurtatuta aparkalekua. Argi izan behar duguna da, gure esku dagoen neurrian, egoera hobetzeko planteamendua egin dugula, eta jarrera eraikitzailearekin ahalegindu egin behar garela. Gauzak hobetzeko prest egon behar da aldaketetarako eta horretan gabiltza.