Lekeitioko EAJ aparkaleku sistema berriaren aurka agertu da
Apirilaren 22ko osoko bilkuran Lekeitioko Udalak aparkaleku sistema berrian ordaindu beharreko udal tasak onartu zituen. EAJren udaleko taldea erabakien aurka agertu da: "Ez gaude ados udalak inposatu nahi duen aparkaleku sistema berriarekin".
Apirilaren 22ko osoko bilkuran onartu zituen Lekeitioko Udalak aparkaleku sistema berrian ordaindu beharreko udal tasak, eta EAJren udaleko taldea hartutako erabakien kontra agertu da: “EAJ ez dago ados udalak inposatu nahi duen aparkaleku sistema berriarekin. Ez zaigu gustatzen ez sakonean, ez forman. Beste behin ere, EH Bilduk ahaztu egin ditu ‘udalgintza herrikoia’ eta ‘gobernantza kooperatiboa’, eztabaidarako eta ekarpenak egiteko inolako aukera eta fokorik eman gabe”.
Hala, hainbat desadostasun mahaigaineratu ditu EAJk. Alde batetik, prozesua “berriz ere iluna” izan dela adierazi dute, ez zaiela herritarrei galdetu, “ez eta ustez sistema berri honek ‘babestuko’ dituen merkatariei ere”. Horrez gain, nabarmendu dute ez daudela ados Lea Ibarreko eta Eako herritarrek aparkatzeko edukiko duten eskubideagaz
Era berean, “kezkaz” ikusten dute “iraganeko jarreren itzulera” herrian agertu diren hainbat pintadaren harira: “Azken urteetan Lekeition lortu izan den bake soziala apurtu egin da. Zatiketa eta liskarra ez dira bideak”. Hala, babesa adierazi nahi izan diete herriko merkatari eta ostalariei: “Argi utzi nahi dugu sistema berri honen arduradun bakarra EH Bilduren udal gobernua dela”.
Azkenik, azpimarratu dute ez datozela bat EH Bilduk aparkaleku berriak egiteko aukerak albo batera uztearekin: “Lekeitioko EAJtik ezinbestekotzat jotzen dugu aparkaleku berriak egitea herrian, garraio publikoa hobetzearekin batera”.
Osakidetzaren “gabeziak”. Bestalde, EAJko ordezkariek gogorarazi nahi izan dute Osakidetzaren inguruan aurkeztu diren mozioen konponbidea Osakidetzarekin batzearekin hasten dela: “Hori, alkateak berak aitortu zuen bezala, ez dute egin EH Bilduk udalerrian gobernatzen daramatzan 300 egunetan, ia urtebetean. Zergatik ez duzue egin legegintzaldi honetan?”.
Oier Zuberogoitia EAJko taldeko buruak adierazi zuenez, Lekeitioko osasun zerbitzuan eta osasun zentroan egindako edozein hobekuntzak EAJren babesa izango du, “dena hobetu daitekeelako eta herritar guztien ongizaterako prestazio eta hobekuntzetan aurrera egin behar delako”. Hala ere, azpimarratu nahi izan dute, “EH Bilduk ondo dakienez, edo jakin beharko lukeen bezala”, udal gobernuaren betebeharra dela Osasun Sailarekin batzea Lekeitioko osasun zentroaren “gabeziak edo beharrak konpontzea”: “Bada garaia pankartak utzi eta lanean hasteko”.