Lekeitioko Udalak herritarren eskariak betetzeko eskatu dio Osakidetzari
Lekeitioko Udala herriko osasun etxeko zuzendariarekin batu da herritarren eskariak betetzeko eskatzeko. Udalak adierazi duenez, egoera konpontzeko euren esku dagoen guztia egiten jarraituko dute.
Lekeitioko Udala herriko osasun etxeko Mario Lopez Mateo zuzendariarekin bildu zen martitzenean [apirilak 28]. Osoko bilkuran onartutako Lea-Artibain Osakidetza gaixorik dago mozioko eskaerez gain, Lekittoko Mugimendu Feministiak aurkeztutako mozioko eskaerak ere azaldu zizkieten Lopezi: “Lekeition eta inguruko herrietan Osakidetzaren egoera zein den jakitera eman dio Udalak, herritar askoren kezkak luzatuz”.
Hala, bi mozioetako herritarren eskariak aurkeztu eta irtenbideak eskatu dizkiete. Herrian ondo bizitzeko “osasun sistema duin eta kalitatezkoa edukitzea ezinbestekoa” dela nabarmendu du udalak: “Badira urte batzuk, ordea, Lekeition Osakidetzako zerbitzuarekin bizi dugun egoerak herritar asko guztiz larrituta dituela. Udalak ere, kezka beretik bizi du egoera”.
Eskaeren artean, pediatria zerbitzua mantentzeko eskatu du udalak, “herriko ume eta gazteek kalitatezko osasun zerbitzua bermatuta izan behar dutela sinestuta”. Era berean, udalak “ahalegin osoa” egiteko eskatu dio Lopezi, emaginaren postua mantendu dezaten. Izan ere, gaur egungo emagina erretiroa hartzear dago, eta zalantzan daude bere plaza mantenduko ote duten.
Ginekologia zerbitzuaren falta, eta udako langile faltaren inguruan dauden kezkak ere mahaigaineratu zituzten batzarrean, eta horiei irtenbidea emateko eskatu. Horiez gain, baita Lekittoko Mugimendu Feministak aurkeztu eta udalak onartutako mozioa ere: “Galdakao Usansoloko Ospitalean oinarrizko pediatria eta gaur egungo gomendioak betetzen dituzten arrisku baxuko erditzeak artatzeko guneak ezartzea eskatu zen”.
Udalak nabarmendu du egoera konpontzeko “bere esku dagoen guztia” egiten jarraituko duela: “Herritarrak hobeto bizitzea da udalaren helburua, eta horretarako, kalitatezko zerbitzu publikoak behar ditugu. Udalak lanean jarraituko du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari konponbideak bidali eta egoera konpondu arte”.