Zirriborrotik abiatuta, 35 urte Txirrimorraskik
Bestelako aisialdi eredu bat sustatu eta eskaintzeko asmoz sortu zen Ondarroako Txirrimorraski ODLT taldea eta 35 urte geroago, herriko talde erreferenteetako bat izaten jarraitzen dute; badute, hortaz, zer ospatu.
Duela 35 urte bestelako aisialdi eskaintza bat emateko asmoz sortu zen taldea, eta herriaren nahi batetik abiatutako ekimena izanik, urte luzez arrakasta izugarria izan du, eta, gaur gaurkoz ere, herriko talde erreferente izaten jarraitzen du Txirrimorraski ODLTk. “Urte guzti horien atzean boluntarioen lan handia dago, batez ere, jendearen bakarkako borondatea eta herriko haurrak izan dira arrakastaren oinarria”.
Bestelako aisialdi eredu bat eskaintzeko bidean, euskara eta feminismoa oinarri izan ditu betidanik taldeak, eta haurrengana hurbiltzeko orduan jolasen bidez gaiak jorratzen ahalegintzen dira. Hala ere, urteak igaro ahala, aldaketak ere sumatu dituzte, batez ere teknologiak eragindakoak, eta horrek eragin zuzena izan du haurren interesetan, eta horrekin zuzenki erlazionatuta, taldera batu diren haurren kopuruan. “Urte batzuetan arrakasta handia izaten zuten ekintzek egungo umeei agian ez die ilusiorik egiten, horregatik, hausnarketarako tarteak ere hartu ditugu, eskaintzen dugun eskaintzari erreparatuz”.
Taldean, gaur gaurkoz, 8 eta 12 urte bitarteko 120 haur eta 22 begirale daude.
Banakako hausnarketak zein taldeko azterketak egin dituzte emandako aldaketari erreparatzeko, eta teknologiak aisialdian hartzen duen espazio zein denbora kopuruari erreparatu diote. Horrela, taldeko umeen interesei erreparatu eta ekintzak planteatzeko gaiak aldatu dira. “Teknologiaren eragina handia da, gaur egun ez dago aspertzeko tarterik, eta horrek aldaketak ekarri ditu eta eragin zuzena izan du haurren kopuruan”.
Horrez gain, haurren taldeak ere urteko ekintzen joera moldatzen du, taldeak oso ezberdinak izaten baitira. “Asko aldatzen dira talde interesak, urte batzuetan talde oso artistikoa egon daiteke eta hurrengo urtean, ostera, talde oso mugitua, lokalean arratsaldea igaro ezin eta kanpo ekintzak lantzen dituguna”. Urte ezberdinak egon arren, kanpora begirako ekintza arrakastatsuenak patinajea eta urteko hiru irteerak dira. “Ekintza horiek ez dute hutsik egiten”.
35 urteko ibilbidearen erakusgarri, taldeak erakusketa antolatu du eta maiatzaren 10etik 25era bitartean egongo da ikusgai, udal erakusketa aretoan.
Taldean, gaur gaurkoz, 8 eta 12 urte bitarteko 120 haur eta 22 begirale daude. “Urte ezberdinak egon izan dira, urte batzuetan begirale faltarekin ere egon gara, denetarik egon da, baina une honetan jende asko gaude”. Gainera taldearen belaunaldi aldaketa modu automatikoan egiten dela nabarmendu dute. “12 urte betetzean, batzuek jarraitzeko gogoa izaten dute eta begirale bezala etortzeko aukera edukitzen dute, guretzat garrantzitsua delako aisialdi eredu hori eskaintzen jarraitzea, teknologiatik at dagoena eta balore batzuk dituena”.
Beste adin tarte batekoak izanik, gazteek beste ikuspuntu batekin parte hartzen dute irteeretan. “Laguntzaile bezala datoz, hortaz, beste modu batera lantzen ditugu ekintzak beraiekin, beste eskaintza bat egiten dugu”. 3-15 urte bitartean, berriz, etenaldia eman ohi dela diote, eta 17 urterekin asko eta asko begirale bezala sartzen dira taldera. Belaunaldi aldaketaren erakusgarri ukaezina da urteurrena prestatzen dagoen taldea, belaunaldi ezberdinetako begiraleek bat egin baitute. “Talde bat gara”.
Txirrimorraskik duen presentzia kaleratzeko, hilabete osoko egitarau “bete-betea” antolatu dute. “Txirrimorraskik indarrez jarraitzen du herriko haurren erreferente izaten segitzeko, guri eskaini zigutena eskaintzen jarraitzeko gogoz gaude, eta urteurrenarekin presentzia izaten jarraitzen dugula aldarrikatu nahi dugu”.
AURRE EGITARAUA
- Etzi (maiatzak 5). Boluntarioen osasun mentala mahai-ingurua, 18:00etan,
Kofradia Zaharrean. - Maiatzak 9 (eguena) Joxe Mari Agirretxe Porrotx-en hitzaldia, 18:00etan, Kofradia Zaharrean.
- Maiatzak 10 (barikua). Umeentzako dantza bertikal saioa, 17:30ean, herriko frontoian.
- Maiatzak 17 (barikua). Urteurreneko egitarauaren aurkezpena eta bertso saioa, 17:30ean, Zaldupe eskolako patioan.
- Maiatzak 10etik 25era. Erakusketa, udal erakusketa aretoan. Astelehenetik barikura: 10:00etatik 20:00etara. Zapatuetan eta domeketan: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
- Maiatzak 25 .Urteurreneko Jaia.