3,8 milioi kilo antxoa eta 3,5 milioi berdel inguru deskargatu dira Bizkaiko portuetan
Antxoaren eta berdelaren kanpainaren datuak aurkeztu dituzte gaur [maiatzak 2] Getarian.
Antxoaren eta berdelaren kanpainako datuak aurkeztu dituzte gaur [maiatzak 3] Getariako Antxua Egunean eta, gaur gaurkoz, 7 milioi kilo antxoa eta 9,1 milioi berdel inguru deskargatu dira Bizkai eta Gipuzkoako portuetan; horietatik 3.800.000 kilo antxoa eta 3.550.000 kilo berdel Ondarroa, Bermeo eta Santurtzin porturatu dira.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua gidatu duen saioan egon da Eusebio Arantzamendi Ondarroako Kofradiako eta Bizkaiko Kofradiako presidentea.
Antxoaren kostera “ona” izaten ari dela aipatu dute, iaz garai honetan harrapatutakoaren bikoitza harrapatu baita; zehazki, kuotaren %36a arrantzatuta maiatzean lanean jarraitzea aurreikusten dute. Antxoa euskal kostaldetik oso gertu harrapatu dutela zehaztu dute eta hori “onuragarria izan da” arrantza kate osoarentzat, lonjetatik abiatuta. “Antxoa salmenta garrantzitsuak egin dira, tartean, Ondarroan egindakoa”. Hala ere, prezioari dagokionez, iaz baino 20 zentimo gutxiagoan ibili da antxoaren bataz besteko prezioa; 1,47 euro kiloa.
Berdelari dagokionez, kostera “gazi gozoa” izan dela aipatu dute, itsasontzi handiek kuota osoa eraman dutela, baina txikiek, ostera, kostera “kaxkarra” izaten ari direla. Prezioari dagokionez, denboraldi hasieran 1,3 euroko bataz besteko prezioan saldu zen eta kostera amaieran, ostera, bikoiztu egin da prezioa, “berdelik ez dagoelako”; bataz besteko prezioa 1,44 euroan geratu da. “Nahiz eta berdelaren arrantzaren batez besteko prezioa, oro har, apur bat igo den aurreko urtearekin alderatuta (1,05 euro kiloa), berdelaren harrapaketen jaitsierak ez du konpentsatzen, batez ere azken 3 urteetan arte txikien arrantza jasaten ari den jaitsiera nabarmenagatik”.