Gorka Eizmendi eta Estibaliz Armendariz izan dira fidagarrienak Lea-Artibaiko errepideetan
Gaur [maiatzak 4] XII. Lea-Artibaiko Rallyak hartu ditu eskualdeko errepideak eta Kastinparro Racing Taldeko Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti azkar ibili badira ere, arazo mekanikoengatik ezin izan dute lasterketa amaitu.
Errepideak ezagutzea beti da garrantzitsua, batez ere konfiantzari begira, batzuetan gehiegizkoa bada ere. Lasterketetan, berriz, urrea balio du zuzenbide, bihurgune, sigi-saga edota errepide bazter bakoitza ondo baino hobeto ezagutzea. Baina dena ez da abiadura, fidagarritasuna ere behar da. Esan diezaiotela bestela Gorka Antxustegi eta Xabat Urrestiri.
Kastinparro Racing taldeko kideek erabateko nagusitasuna erakutsi dute Renault Clio Williams autoan: Lau tramoetako bitan izan dira azkarrenak: Gizaburuaga-Ispaster (4:49.600), Lekeitio-Mendexa-Ondarroa (5:56.00) eta Munitibar-(11:10.900). Iazko arantza, bigarren geratu ziren, ateratzeko, bidean zauden, dute baita 2014ko garaipena errepikatzeko ere. Baina Ziortza-Bolibar-Trabakua tarteko azken itzulia ezin izan dute eman arazo mekanikoengatik eta kanpoan geratu dira.
Hori baliatu dute Gorka Eizmendi eta Estibaliz Armendarizek XII. Lea-Artibai Rallye irabazteko. Egun osoko lan gogorrak, denbora guztian, iazko txapeldunordeetatik atzetik, emaitzak eman dituela ikusi dute eta Skoda Fabia autoaren gainean lehen aldiz irabazi dute Lea-Artibai Rallye: 01:01:13.600. Hain zuzen ere, errepideak ezagutzen ez zituztenek irabazi dute.
Bigarren Iñaki Narvaiza eta Javier Goikoetxea Peugeot 208 Rally 4 autoagaz izan dira Skoda Fabia autoaren gainean (01:01:51.200) eta hirugarren lekuan Ivan Muñoz eta Gabino Martinez Porsche 997 GT3 2010 autoagaz (01:02:03.400).
Dena batu zaie. Irabazleak “oso pozik” agertu dira lehen aldiz Lea-Artibai Rallye irabazita: “Eguna ez da joan espero bezala, goizean, euritan, pare bat susto izan ditugu eta nahi baino gehiago altxatu behar izan dugu hanka. Bigarren itzulian ere ez dugu gehiegi asmatu gurpilekin eta eguerdira arte ez dugu gure tokia aurkitu. Hala ere, esan beharra dago gaur gu ez garela azkarrenak izan, Gorka Antxustegi baizik. Bigarren postuari ondo eutsi diogu eta akats pertsonal edo mekanikoren baten zain geratu eta gara, eta azkenean hori gertatu eta garaipena lortu dugu”.
Hain zuzen ere, fidagarritasunari eman dio garrantzia eta aitortu du lasterketa bat irabazteko “gauza asko oso ondo” joan behar direla: abiadura, fidagarritasuna, pilotuaren lana, kopilotuaren lana… Dena ondo egin dute Lea-Artibaiko Rallyen. Ibilbidea ere gustuko izan dutela aitortu dute: “Zoragarria izan da, urte asko eman ditugu kanpoko lasterketetan parte hartzen eta ez genituen tramoak ezagutzen, beraz, zailagoa izan da, baina asko gozatu dugu errepidean, zonalde azkarretan, moteletan, bihurguneetan..”.
Kastinparro talde antolatzaileko ordezkariek ere lanak izan dituzte lasterketa aurrera eramateko: “Egun zaila izan da”. Euriak goiza baldintzatu du eta ohi baino istripu gehiago izan dira, larririk egon ez bada ere. Neutralizazioak ere behin baino gehiagotan egin behar izan dituzte, baina arratsalderako dena hobeto bideratu dela ere azpimarratu dute.