Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik barik egon dela salatu du LABek
Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirainoko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen du anbulantziak.
Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirainoko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua “medikurik barik” egon zela atzo (maiatzak 5) salatu du LAB sindikatuak, eta Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzaren “kudeaketa txarrari” egotzi dio ardura.
“Osakidetzako Larrialdi zerbitzuan gero eta gehiagotan sufritzen ari gara horrelako egoerak”, adierazi dute sindikatu abertzalekoek, eta gehitu dute oinarrizko zerbitzua bada ere, “egun askotan ez duela ezarritako gutxienekoak betetzen”. Jakinarazi dute emergentziazko deiak hartzen diren koordinazio zentroetan “ohikoa” dela ezarritako mediku guztiak ez egotea, “eta geroz eta egun gehiagotan anbulantzia medikalizatuak medikurik barik geratzen direla”.
Ondorioz, guzti horrek Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Larrialdien Sarean “hutsune larriak” dakartzala uste dute LABekoek: “Mediku baten arta behar duten gaixoak medikurik barik artatuko dira edo gehiago itxaron beharko dute. Gainera, kontutan hartzekoa da horrelako kasuetan premutasunak eragin handia duela gaixoaren egoeran”.
LAB sindikatuak “denbora” darama Osakidetzako Larrialdietako zuzendaritzari pertsonen kudeaketa politika aldatzeko eskatzen: “Herritarren beharrizanak era egokian artatuak izan daitezen borrokan jarraituko du sindikatuak, eta Osakidetzari eskatzen dio egoera hauek ekiditeko esku hartzeko”.