Euskarazko lanak batu, antolatu eta eskuragarri ipini ditu Javier Arrietak
Javier Arrieta Idiakez ondarrutarrak bere euskarazko idatzi guztiak biltzen dituen webgunearen aurkezpena egingo du zapatuan [maiatzak 11], 17:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean.
10 urte zituela lehenengo literatura lehiaketa herrian irabazi zuenetik, gaur egun egiten dituen idatzi akademiko, zein argitalpenak bildu ditu webgune batean Javier Arrieta Idiakez ondarrutarrak, herritarrei eskuragarri ipintzeko. Nondik norakoak azalduko ditu zapatuan [maiatzak 11], 17:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Arrietak ibilbide oso bat darama idazten eta askotariko gaiak landu ditu. Bere ogibidearekin zuzeneko lotura duten arlo profesionalaz gain, gizartea, kultura eta erlijioa dira jorratutako gaietako batzuk. Hamaika formatutan aritu da horiek argitaratzeko, hala nola, literatura, hezkuntzarako material profesionala, itzulpengintza eta urtekari, astekari zein egunkarietan; Arranondo, Karmel aldizkaria, Ttap! aldizkari digitala, Enpresa Bidea egunkari digitala, Ondarroa urtekaria, HITZA, Berria eta Noticias taldea.
Horrez gain, herriarekin eta itsasoarekin lotura zuzena duten lan luzeagoak ere landu ditu eta horiek ere sarean egongo dira. Zehazki, Itsasoaldetik liburua eta elkarlanean egindako azken bi lanak ; Ondarroa inguruko ipuinak eta Dendaostetik plazara.
- Zein da webgunearen helburua? Nire bizitza osoan euskaraz idatzi dudan guztia modu ordenatu batean jaso eta eskuragarri ipintzea. Baita hemendik aurrera idatziko ditudanak ere.
- Zergatik aukeratu duzu sarean ipintzea? Digitalak indar handia du eta mundura erakusleiho potente bat dela uste dut.
- Nola sortu zen ideia? Duela urte dezente esan zidan pertsona batek, pila bat lan nituela sakabanatuta eta dena biltzea ideia ona izango zela. Hortik denbora batera, beste batek esan zidan berdina. Etxean esan nuen eta animatu egin ninduten. Udan hasi nintzen formatua ematen.
- Nola kudeatu duzu proiektua? Deustuko unibertsitatean Aterki Teknologikoa deritzogun atal bat dugu eta bertako kide batek lagundu dit kudeaketarekin.
- Lehenengo aurkezpena herrian egingo duzu. Ondarrutarra izanik herrian aurkeztu nahi nuen, gainera, herriari lotutako gauza asko ditut. Ostean, Deustuko unibertsitatean egingo dut aurkezpena.
- Bizkaiera zein euskara batua aurkitu daitezke zure idatzietan. Bai, eta hortaz, euskara aztertzeko modu bat ere izango da webgunea. Bizkaieraz idazten hasi nintzen, ostean, arlo profesionalean euskara batura igaro nintzen, itzulpengintzan sakontzen. Bizkaiera oso garrantzitsua da, erregistro ezberdinak daude, eta euskara batua izan behar bada erregistro horietatik jan behar du, iturri zaharretatik hartu behar du euskara batua den ur freskoak.
- Arlo profesionaleko euskarazko idatzi asko dituzu. Zuzenbidea ikasi eta unibertsitate munduarekin lotura estua duen itzulpengintzarekin hasi nintzenean euskarazko materiala sortzeko premia handia zegoela ikusi genuen, bai ikasleentzako zein profesionalentzako materiala sortzeko beharra.
- Egindako guztia bildu duzu. Aurrera begira egiteko duzunaren artean… Zerbait berria duzu esku artean? Badaukat zerbait berria aurkezteko, bai. Herriarekin lotura izango duena. Zapatuan emango dut horren berri.