Igotz Espeja: "Erronka herri mailako eskaintza integrala osatzea da"
Eskualdeko beste hainbat herritan bezala, Lekeition ere herri hezitzailea izateko bidea lantzen ari da udala. Neguan auzolanean herriko hainbat espazio zabaldu ostean, udan Herri Udalekuak egingo dituzte.
Herri hezitzaile izateko bidea lantzen ari da Lekeitioko Udala.
Bai, herri hezitzailea izatea bizi garen sasoi honetan guztiz inportantea da. Gureak ez diren kulturetatik edaten ari dira gure gazteak, eta zein balore jasotzen dituzte pantailetatik? Ze jendarte eraikitzen ari gara? Pentsatzen dugu inoiz baino premia handiagoa dagoela herri hezitzailea izateko, hau da, modu kontziente batean erabakiak eta ardurak hartuta.
Zer da herri hezitzailea izatea?
Herri hezitzailea ikuspegi bat da, gauzak ulertzeko edo herria begiratzeko modu bat; baina batez ere, lanerako marko bat da. Sinistuta gaude herria izan behar dela bere herriko ume eta gazteak hezten dituena. Argi izan behar duguna da, herriak berak ere hezi egiten duela, hartzen dituen erabakiekin, egiten duenarekin… Herriaren indarrean sinisten dugu, eta hor ipini nahi dugu fokoa.
Herri hezitzaileak plangintza bat eta ekintza batzuk behar ditu?
Lehenengo eta bat, herri hezitzaileko subjetuaz berba egin behar da. Ume eta gazteak ez dira subjetu pasiboak; subjetu aktiboak izan behar dira, eurek ere herria egiten dute eta egin behar dute. Eurak izan behar dira euren aisialdiaren protagonista, eta helduok badugu ardura horretan. Gaztetxoenen aisialdia ikuspegi hezitzailearekin antolatzeari buruz ari gara. Entretenimendu hutsera begirako aisialdia baino, gazteak aktibo eta protagonista dituen aisialdi eskaintzaz.
“Eskolako patioa patio inklusiboa bihurtu nahi dugu”
Aurten hainbat pausu eman dituzue ume eta gazteen aisialdiari begira.
Bai, lehenengo Gabonak auzolanean antolatzeko apustua egin genuen. Horrekin batera, Gabonetarako egitarau berezi bat antolatu genuen hainbat gurasorekin. Horri tiraka, aterpe eta umeentzako txoko baten beharra mahaigaineratu zen; aspalditik datorren eskaera da. Gurasoekin adostu zen Ume Txokoa zabaltzea eta zapatu arratsaldeetan Santi Brouard kiroldegiko frontoia herritarrentzako zabalik izatea. Hau guztia, auzolanean eta gurasoek txandak eginda antolatzen da, neguan. Udan ere, ume eta gazteek ganorazko aisialdia izateko aukera izan behar dutela argi daukagu. Horregatik, udalak erabaki zuen herrian udaleku eskaintza zabaltzea.
Horietatik aurkeztu duzuen azkenengo proiektua Herri Udalekuak dira.
Herri Udalekua apustu handia izan da. Hainbat bilera eta haurtu-eman izan ostean, erabaki da Lekeitioko Eskola Kirolaren (LEK) bidez bideratuko direla udalekuak. Izan ere, LEKen filosofiak bete-betean egiten du bat, aurretik esandako guztiarekin. LEKen parte dira: Kirol klubak, Lekeitioko Herri Eskola, Azkue Natura Ikastola eta udala. Herrian errotutako udalekuak izango dira, herriko hainbat eragile guztiz presente egongo dira Herri Udalekuetako programan. Bost astetan bost txanda egongo dira; izen ematea maiatzaren 19ra arte zabalik egongo da.
Herritarrei begira, ze onura dakartza?
Bertotik bertora antolatzen diren udalekuak izanik, Km0 direla esan dezakegu. Honek dakartzan onura guztiekin. Batetik, ume eta gazteak herritarrak dira, eta balio egokietan hezitako herritarrak izateak ze ekarpen egiten dion herriari ez dago neurtzerik. Euskaraz eta euskal kulturan hezi nahi ditugu gazteak, balio feministetan oinarrituta, elkartasunez eta interes pertsonaletatik haratago komunitateaz arduratzen dakiten herritarrak. Horretarako, herriak berak ere bere aldetik asko jarri behar du. Orain ez bada, aurrerago, nahiko genuke herriko eragile ezberdinak ikuspegi honetan aritzea. Herri hezitzailean herria bera inplikatu behar da eta horrek berak herria hobeagoa egiten du. UmeĀ eta gazteen udaleku eskaintza ez dugu zaintzan eta entretenimendu hutsean oinarrituta egoterik nahi izan; kalitatezko eskaintzaz hitzegiten ari gara. Herriko beste ume eta gazteekin, herritarrekin, eragileekin… harremanetan egotea nahi dugu, herriko espazio ezberdinetan. Ez nor berean baztertuta, herriko dinamikan eragiten baino.
Zeintzuk dira orain dituzuen erronkak?
Eskolako patioa patio inklusiboa bihurtu nahi dugu. Urte luzez utzita egon da, eta udan hasiko da patio inklusiboa egiteko lanen lehenengo zatia. Aldi berean, aspaldiko eskaera izan da patioa urte guztian herriko hezigune izatea. Horregatako, uda sasoian, kotxeak aterako ditugu bertatik. Bestalde, Ikastolagaz hitzarmena berritu nahi dugu; duela 20 urte baino gehiago sinatu zen hitzarmena, eta muina da, besteak beste, bere azpiegiturak herriarentzako zabalik izatea. Luzera begira pentsatzen dugu interesgarria izan daitekeela OinHerri bezalako herri hezitzaileen sartean sartzea, baina denon artean ikusiko dugu norantz egin behar duen herri hezitzaileak. Erronka herri mailako eskaintza integrala osatzea da.